Patriota izan gabe

Pablo Sastre Forest
0

Errusia eta Mendebaldea: alde biak gaitzetsi besterik ez dezake egin gerraren aurkariak. Behatz baten imintzioz ere baten alde egiten duena, egitearekin berarekin, herriak, eta gerra bera, horrorea ikusteari ari zaio uzten.

Atzerriko etsaiekin bat egin gabe, etsai etxekoa, barru-etsaia konbatitzen duenak, berak bakarrik merezi du bibarik.

Aditu dut, gerra horretan beren nazioak parte hartzerik nahi etzutenek, Europa ez-atlantiko baten alde zeudenek, Macron eta Le Penen artean, boto zuria eman ezpazuten edo abstenitu ezpaziren, bigarrenari eman ziotela botoa. (Dena dela Frantzia atlantikoak, Euskal Herria barne -botoa eman zuen Euskal Herriak-, Macron hautatu zuen; positiboki baloratzen dute baloratzaileek.)

Hor-han joko berrian tokia dutenak dira horiek: mundializatzaile tiranoak eta mundializazioari ezin ikusia diotenak, Frantzia aldean, patriotes. Eskuin-mutur berria, Macron, eta populismo halako bat, eskuin-mutur zaharraren zantuak badituena, herri abandonatua ordezkatzera heldu dena.

Joko horretan, patriota izan gabe, Ukrainako gerran Mendebaldearen ardura, edo Koronaldiko diktadura sanitarioa, edo feminismoaren deribak salatzen dituztenek, Errusiazaletzat, negazionistatzat edo sexistatzat jota, ez dute tokirik.

Hemen gara, ba.

Zera bat ageri da Frantzian, gurean ere txarra ez ageriko balitz. Bi alde: eliteen aldea, eta herri abandonatuaren aldea badirela, ageri. (Gure buruaren erdi-erditik pasatzen da lubakia, agerikoa hori ere.)

Eliteak, berria sortzearren zaharra suntsitzeko enpeinuak darabilzki.

Zaharra: izate modu bat, balore batzuk, herri-kultura bat, kultura propioaren hondar batzuk badituena… ulertzen ahal den mundu bat; baina: pobreak babesten zituen Estatua ere.

Non bizi, zer jan, zein arropaz jantzi, nola elkarrekin bizi behar dugun erabakitzen duen komertzio haundia eliteen eskuetan delarik… ezkerrak, las izquierdas, ez zeruko eta ez lurreko, aspaldietan apenas ez herriko, agian bai botereko, mundu berriaren deiak edo ideiak daramazkiela, beren inoraezean, eta gogotik halare, Estatu bazterreko merkatuetan osagarri ekologistak eta identitarioak saltzen dituzte…

Gillets jaunes, Frantzia gurean, amets bat: joko-arauen gainetik edo azpitik, eskuinari botoa eman, ezkerrari eman, edo besteri, edo -balekebale- inori ere ez eman: herritarrak elkartu egiten dira; hitzegiten dute; erreboltatu egiten dira. Ezpaitzaizkie sosak alokairua ordaintzeko allatzen, ezin dute etxea berotu, ezin dira osatu… Hortako elkartzen, hortako hitzegiten, hortako erreboltatzen dira: pobre direlako, edo pobretzen ari direlako, eta zerbait egin nahi dutelako hortaz.

Haize horiek aditzen eta bultzatzen dituen indarra falta da gurean.

Mamu-taldeen: faxisten, komunisten, feministen, gizon zuri-hetereoen konpainia saihesten dugularik, ez dakigu herio haundia nola tronparazi. Gure artean dela ere, ezikusia egiten du askok; edo, badena eta eztena, orain lege dena, aldaketa klimatikoa jarri diote izena.

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA