Desarmea

Pablo Sastre Forest
0

Gona grisa, alkandora txuria, elastiko berdea… Eskola-uniformez jantzitako neska adolezente batzuk ikusi nituen Donostian lehengoan. Oroitu nintzen, hamahiru urte nituela, haietxen moduko neska uniformatu batek, kalean harekin kruzatzen nintzenean, barruak piztu egiten zizkidala.

Desio erotiko maskulinoa, bere manifestazio ia guztietan, xera, behako eta hitz goxoak barne, emakume ederrekiko lilura hain segur, maiz gaizki sumatuak eta batzuetan zigortuak ere badiren garaian, desio erotiko femeninoa ere, ez dagoke bere ordurik onenetan.

Desio erotiko femeninoak, misterio haundietarik izaten segitzen du niretzat: gureari nola lotzen den; nola ereiten duten emakumeek desioa gure baitan.

Gizon zabar batek, gizon zatar batek, gizon zakar batek ere erakartzen ahal ditu emakumeak… gizon biolentoek ez dituzte emakumeak erakartzen. Horratx, nire irudiko, gizonezkoen agresibitatea apalarazten duen lehenengo faktorea, faktore nagusia eta berezkoa.

Oreka atxikigaitz eta nahi edo desio aurrera-atzera horietan (azken batean sexu-bakoitzak-berea izan barik norberarenak direnak) Estatuak bere eskua sartzen duenean, zuzendu barik, okertu egin ohi dira gauzak.

Gizon negartiak aski ez genituela, Espainiako Berdintasun Ministerioak hombres blandengues famatzen dituen kanpaina bat oparitu digu aurten. Ez gizon zintzo, amable edo sentsibleak, ezpada blandengues. Baina, baina… harri daiteke bat, ze oxtiatako nahi izaten ahal du gizon belaxka bat inork?

Jeneralago, “gizonezkoek emakumezkoen kontra” erabiltzen duten indarkeriaren aurkako kanpaina etengabean bizi gara joan deneko hogeitaka urtean… hargatik, gizonezko askok emakumeak jotzen segitzen dituzte… denbora berean, apenas diren gehiago Industriaren eta Estatuaren aurka errebelatzen. Emakumeak, beren aldetik, eurak ere apenas diren Industriaren eta Estatuaren aurka errebelatzen: jatorrizko gaizkileekin, gizonezkoekin, nahikoa aferatuta daude.

Desio-joko edo eder-jokoetara itzuliz: balizko emakume ederrak saldu eta erosten dituen komertzioari planto egiteaz, kontsumorako objetoak izateari ukatzeaz, arrazoi horregatik ez-edertzeaz, emakumea indartu egiten da.

Emakumeen edertzea gizonekiko menpekotasunaren probatzat hartzen duen diskurtsoak, emakume guapak miresten dituzten gizonezkoen erakuspen oro matxistatzat eta gizonezkoei begira edertzen diren emakumeak tontatzat, gizonezkoen menpekotzat edo traidoretzat hartzen dituen diskurtsoak, sentsualitatea arbuiatu eta hondatu egiten du; bai emakumeei eta bai gizonei, elkarrenganako konfiantza barik, batzuei besteenganako amorrua ematen die.

Erotismoaren frustrazioak munstroak sortzen ditu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA