Sentimenduak

Pablo Sastre Forest
0

Kultura-adierazpen esparru guztietan: haurren hazieran, lanean, harremanetan, sinismenetan, uste izateetan, teknologia-hautuetan, justizian, gobernu-moduetan… motor eta epaile dira, Antonio Damasioren arabera, sentimenduak: “Sentimenduak tartean direla, euren bizitza hobetze aldera sortu izan dituzte gizakiek erantzun kulturalak”.

Nondikako bat eta norantzako bat antzematen ahal zaizkien sentimenduen aldean, emozioak, berriz, esaten digu El extraño orden de las cosas-en autoreak, “ekintza-programak dira, zati haundiz automatizatuak, hau da, gorputzak kunplitu behar dituenak”.

Koronaldian irakurri nuen liburu hori, eta harrezkero buruan behin edo behin ibili zait, ez ote garen galtzen ari erantzun kulturalak emateko gaitasuna, eta, haien tokian, geroz eta gehiago, erantzun emotiboak emateko baino gai ez ote garen.

Automatizatua, Damasiok sujeritzen duen zentzuan, bera ote da ekintzatik geratzen zaiguna?

Guztiontzat esperimentu-garaia izan zen Koronaldian, emozioez bat, sentimendu samingarriak gailendu ziren: otzantasuna, beldurra, tristezia…

Itxialdi gogorra igaro eta gero, 2020ko maiatzetik aurrera, behin eta berriz iragarri ziguten: “Ez bazarete arduratsuak, ez baduzue obeditzen, berriz konfinatuak izango zarete”…

Tokitan gelditu ziren ordurako arrazoiak: beldurra gelditzen zen. Beldurrak ez bestek eragin zigun, hainbati behintzat, neurri absurdo eta injusto pila bati men egitea.

“En un mundo de cuerpos sometidos y emociones a flor de piel, era imposible rebelarse” (P. Tarrat, Metro y medio).

Gosetik, minetik, gaixotasunetik ihesi gabiltza. Osasuna, asetasuna, ongi izatea bilatzen ditugu. Beso zabalik hartu ohi ditugu, lehenak saihestarazten eta bigarrenetan aurkitzen laguntzen uste diguten dispositiboak.

Samurtasuna, alaitasuna edo solidaritatea bezalako sentimendu pizgarrietan neurtzen ahal da laguntza bital horregatik pagatu beharreko prezioa.

Baziren hiru egun itxialdia dekretatu zutela. Lagun batek jaitsi gintuen kotxean herrira, parkin ondoan utzi gintuen: emazte-laguna, haur txikia eta ni neu. Jaistea egin genuen eta banku batean motxila-ta utzi, bi guarda etorri zitzaizkigun: beren onetik kanpo, elkarrekin ginelako isuna jarri eta emazte-laguna eta biok bertan apartatzera behartu gintuzten.

Itxialdi hasierako momentu hura gogoratu behar dugu. Izango da eraso gehiago, saiatuko gara eusten baina… orain badakigu, beharrezko irizten dioten garaian, gurekin inplakableak izango direla.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA