Otzantasuna

Pablo Sastre Forest
0

Hezigaitzen eta animosoen ispilu izan zenak, gure amak, hil aurreko hilabeteetan, behin baino gehiagotan, humanoen domestikazioaren azkartzeak sortzen zion kexua aitatu zidan.

… Nire txikitako urteak datozkit.

“1961 eta 1975 artean – esaten digu Pasolinik – poblazio bat kulturalki sarraskitua izan zen. Biaje luze bat egin izan banu eta urte batzuen buruan Erromara itzuli, inpresioa izango nukeen bertako bizilagun oro deportatuak eta suntsituak izan zirela, eta haien ordez, kaleetan eta eskanpeetan, mamu zurbil, zoritxarreko eta antsietatez beteak ipiniak”.

Ongizatearen adorazioaren eta neurrigabeko kontsumoaren hastapeneko urteak izan ziren 60ak…

Urte haietan europarren domestikazioranzko egundaino jauzia izan zela ematen dit orain, neure baitan bi detaile indartsutan irudikatzen dudana. Batetik, elektrodomestikazioa, sistemari (zein den ere eta zer den ere hura) pobreak eta langileak sailean-sailean eskuratzen lagundu ziona. Bestetik, lan-abere lagunen, bereziki zaldi, behor, asto eta mandoen giza-paisaiatik desagertzea. Ardi, behi, oilo eta txerriak granja haundietan pilatzen ari…

Hezitutako abereak, beren arbaso edo pariente basa-abereekiko,

urte gehiagoz bizi izaten dira;

batzuetan pisuagoak izanagatik, txikiagoak izan ohi dira;

bihotza eta zerebroa txikiagoak dituzte;

sexu-diferentzia gutxiago dituzte: berdinagoak izaten dira arrak eta emeak;

bariazio genetiko gutxiago dituzte;

mantsoak eta elkar toleranteagoak izaten dira; agresibitatea galtzen dute;

belaunez belaun, halamoduzko “jaiotzetiko malgutasun” bat agertzen dute;

katuen iduriko animalia bakartietan “tolerantzia soziala” eta txakurren iduriko animalia sozialetan soziabilitatea, biak ala biak haunditu egiten dira;

gaitasun motorrak trakestu eta zentzumenak moteldu egiten zaizkie.

Jakingarri horiek eskaini dizkigun Richard C. Francisen arabera, beldurraren eta agresibitatearen eztitzea, hau da, otzantasuna da domestikazioaren klabea.

Abereen etxekotzean agertzen den lehen ezaugarria omen da otzantasuna, eta bera omen da atzera basoratzean (abereak libre uztean edo eurak eskapatzean) desagertzen den azkenekoa.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA