Hika: zertako?

Pablo Sastre Forest
0

Bergaran, Oiartzunen, Usurbilen eta beste zenbait herritan antolatu izan dira hika-ikastaldiak azkeneko urteetan.

Oñatin, Ingo xonagu elkarteak Appa hi!, herriko hika “bost astean” ikasteko aplikazioa sortu zuen 2021ean. Aplikazio bera euskara batuan ere eskuragarri dagoela jakin dugu gero.

Hitanoa aplikazio batez eta bost astean ikasi nahi izatea, euskarak leukakeen “zailtasun erakargarrietako” bat gainditzeko desafio polita izaten ahal da. Gainerantzean…

Nork norekin egiteko, hika?

Hizkuntza bizi guztietan aintzat hartzen baldin bada berbalagunaren generoa, Europakoetan behintzat, ez da besterik izango, lokarri hori euskarak bezain argi adierazten duenik. Ni, gizon hau, kasu, emakume bati hika ari natzaionean: “Hau edo hura, berdin dio zer, hiri (nirekiko berdin, nirekiko diferente haizen horri) esaten dinat”, agertzen da esaldi bakoitzean.

Hitanoak, generikoa den aldetik, ederra eta potentea ematen dit. Hierarkikoa den aldetik, berriz, nahastu egiten nau, ez dut batere gustokoa.

Modernitateak bultzatu zuen hierarkia: txikiari edo parekoari hika, haundiari (señore-señorari, gurasoari) edo besteari (erbestekoari; gure garaian, nork bere sexukoa ez denari) zuka egiteko nahikaria. Generoen deslotze garaikoa da harreman-era berria. Genero indartsuen aldian, berriz, generoei eurei zegokien, denez gain, hitanoa.

Dimentsio horren galerak desenfokatu egiten ditu berbadunaren eta berbalagunaren identitateak. Zu eta ni-n, ez da sexurik argitzen: itxura, oro bat gara.

Hikak, aldiz, argiki bereizi eta sotilki elkartu egiten gaitu emakumeak eta gizonak.

Hitanotik hara ere, emakumeei eta gizonei diferente berba egiten jarraitzen dugu. Zein diren, euskaraz, sexu-genero propio indartsuei dagozkien esamoldeak, eta zein diren sexismoaren islada, hara galdera interesantea. Sexuak, antza, sistematikoki irauten du lengoaian, sexubakarreko formak zabaltzen ari dira baina. “Sexua” bera, sexu biak barne hartzen dituen sexu akademikoa, edo “sexualitatea”, sexu bakarreko ideologia modernoaren produktuak izan…

Zientzialaritzan, politikaritzan edo futbolaritzan, kode maskulinoen baitako egin ohi dira emakumeak. Literaturan edo musikan, berriz, beren zinean eta beren betean azaldu ohi dira. Bizitza errealean ere bai, arruntean. Hizkuntza ez da neutroa; ez da txarra ez izatea. Zertako, bestela, nokatoka ikasi?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA