Abereen ongizatea

Pablo Sastre Forest
0

Jocelyne Porcherren Vivre avec les animaux irakurri eta gero etorri zaizkit hauek.

Granja-abereen bizi-baldintzak kaskartzen ari dira; sufrimendua, baina, ez da lehen bezala ikusten: “abereen ongizateko” arauek eta berrikuntza teknikoek ezkutatu egiten dute.

Abeltzainek, esaten digu Porcherrek (berak ere aziendekin lan egiten du), “abereen ongizateaz” baino, abereekiko begiruneaz hitz egitea nahiago izaten dute. Begiruneaz, eta afektuaz. “Ongizatea” ez bezala alabaina, afektua eta begirunea bateraezinak dira produkzio-sistema industrialarekin.

“Ongizatearekin” eta guztiarekin ere, abereen prozesatze industrialaren helburua abereak deseraikitzea da, desaberetzea eta gauza bihurtzea. Industria-sistema gauzak fabrikatzeko makina eskerga bat da.

Abereek ez dute kolaboratzen. Eutsi egiten diote beren abere-izateari. Bizkitartean abeltzainak galdu egiten ditu bere sentiberatasuna eta bere humanidadea.

Sufritzen duen abeltzainak hesi mental bat eraikitzen du: blindatu egiten da. Blindatze horrek sufrimena blokatzen du, pentsamendua ere blokatzen du baina: hain zuzen pentsatzeari uzten diolako uzten dio sufritzeari.

Baserri-ganaderitzako harreman-logiken erdian dago ganaduzainak bere abereei egiten dien bizi izate on baten oparia. Izan ere, ganaduzainak sentitzen du abereekiko zorretan dagoela, eta bizitza on baten oparia da zor horren aitortza. Esker ona, bizi izate onaren forma hartzen duena, bera da, abereek beren lanaz eta beren bizitzaz egiten duten opariaren trukean, ganaduzainaren kontra-oparia.

Ganaduzain izateak badakar, lehenik eta behin, abere edo kabalekiko lotura bat, gertu izate bat, ardura bat. Frantzian, behi-ahoeriaren zioz militarrek antolatu zituzten abere-sarraski masiboak, gaixotzera eta suizidatzera eraman zituen ganaduzain asko.

Ardi-hotzeriaren aurkako txertoa derrigorrezkoa bilakatu da, nahiz eta abereak naturalki inmunizatzen diren hartaz eta eurengan oso ondorio kaltegarriak dituen. Txertatzeari uko egin dioten ganaduzainei transhumantzia eta abereen salmenta debekatu egiten zaizkie.

Abeltzain batzuek, milioika abereentzako hobi komunen eta nazien deuseztatze-esparruen arteko analogia egiten dute. Hori egiteko, besteak beste, puntu hauetan oinarritzen dira:

Identitatearen eta singularitatearen galtzea: indibiduoen masako tratamendua.

Abereekiko inkomunikazioa.

Bizitzagatiko mesprezua.

Gizartearen indiferentzia.

Prozeduren biolentzia, eta biolentziaren onarpena: norbanakoen balio moralak baino, ideologia eta obeditzeko beharra fuerteagoak izatea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA