Eskerrik asko

Pablo Sastre Forest
0

Orain dela berrogeita hamar urte, Lapurdira joan ginenentzat, irringarria zen: merci, merci, merci beaucoup… merci, pardon, enchanté… Politesse, esaten zitzaion. Ezin zen izan beti bihotzez esatea, halako zurikeria bat bazela iruditzen zitzaigun.

Aspaldi gure artean instalatu den une oroko mileskerren logikan, faltan ematen dut zerbait. Ez da arina ez zaidalako. Zerbait eman edo fabore bat egin didate, eskerrik asko, hara, faborea itzulita dago. Emandakoa bihotzean jaso edo goxatzen utzi gabe, “eskerrik asko”-k, albait azkarrenik despeditzea ekarri ohi du:

–Agur, eskerrik asko –batzuetan ez dakigu zer eskertu diguten ere; geuk ere zerbait eskertu beharko ote genuen, duda geratzen zaigu.

Agian eman digutena beste moduz itzultzerik ez dugulako edo beste moduz itzultzea bururatzen ez zaigulako ematen ditugu eskerrak aldi bakoitz… diru-ordainari konpara daitekeen bat-bateko ordain modu bat izaten ahal da.

Entzunik nago, berrikitan, patatak zuritzen lagundu dion semeari, amak: “milesker” esaten. Laranja-zukua prestatu dion aitari, berriz, hiru urteko alabak: “eskerrik asko”…

Ez nago lasai. Esker-emateak bakantzen ditut. Ez dakit noiz hasi nintzen aupa! esaten –aldizka “eskerrik asko”-ren ordez, aldizka “ez horregatik”-en ordez erabiltzen dudana… Hor nonbait bi funtzio horiexetarako hots! hots! entzunik gaude Baxe Nafarroan.

Kontua ez da esker txarrekoak izatea. Badira, baina, eskertzeko manera asko: begirada bat, irribarre bat, hitz polit bat, ixilaldi goxo bat…

Gure aitatxi-amatxiek, eskerrik asko, bakan ibiltzen zuten oso. Artean, “eskaleek, hartzen zutena nola itzulirik ez zutenek baino ez zuten eskerrik ematen”, esan zigun Bretainiatik Per-Jakez Heliasek. Eskale izan gabe, disposizio ona zutenek, lasai egotea zeukaten: emandakoa, ahal baldin bazen, itzulia izango zitzaiela, ez zuten dudarik egiten.

Euren eskuetatik haratago zegoen ongi-egina, berriz –sinismen edo tradizio hartakoak zirenez gero– Jainkoari eskertzen zioten.

Gero badago enfoke hori, azkeneko urteetan txit hedatu dena: “Zera haundirik ezin dugu egin eta, on dugu zera txikiak egitea, detaileak izan, egunon esan auzo-lagunari kalean, amableak izan”… Ongi dago, alabaina, aktuatzeko posibilitateari errenuntzia egitearekin batean heldu da sarritan…

Elkar dependentziaz eta truke-ekonomiaz bestaldean dago edozein laguntza mesedez eskatzea (geure burua beheitituko bait-genueneko edo zerbaitetaz kulpable bait-ginaneko jarreran), eta edozergatik eskerrak ematea. Komuneko gogoari arrotz zaizkion disposizioak; gogo horren arabera: egingo dut, bai, nik bihar zerbaitere zuretzat, gaur niretzat zerbait egin duzun horrentzat.

Badelarik disposizio hori, bestek egindako lan, akzio edo zera ona, norberak ongi eginez itzuliko dela, berez doana da. Esku zabalik emaniko laguntza, esku zabalik izango da noizpait ere itzulia.

Gaur zuk, bihar nik. Ez baitezpada “odolkiak ordainetan dira” (bere hortan, eskuzabaltasunari, sinpletasunari edo ontasunari lekua kentzen dielakoan, pixka bat nahasten nauena), baina, tokian tokian, usadioak agintzen…

Mesede itzuliaren sotiltasun horiek, eraikitzen hasita gauden komunarentzat lezio ikasten zailenetarik eta beharrezkoenetarik da.

Hitz polit bat esan nion emakume bati lehengoan…

Eskerrik asko.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA