Ivan Illich eta Pandemia

Pablo Sastre Forest
0

Ivan Illichi, negazionistatzat joa seguruenik, kosta egingo zitzaion Koronaldian, bere iritziak inon argitaratzea.

Noski ez dakigu Ivan Illichek covid-aldiaz eta covid-ondoko aldiaz zer esango lukeen… L’expropriation de la santé azpititulatu liburuan (1974) pista batzuk ematen dizkigu baina:

“Errealitateaz bisio deformatua izan behar da oso, sinisteko botika, terapeutika, itxialdi eta kontrol prebentiboetatik dependitzearekin, gure osasuna hobetu egingo dela”.

“Medikuntzaren errituek sinistarazten diote jendeari, ezartzen zaizkion tratamenduek euren osasunari on egingo diotela, egiatan beren bizitzaren gaineko kontrola izateko borondateaz gabetu egiten dituztenean”.

“Gizarte gain-industrializatu batek gaixotzeko joera dauka, gizakiak hartara moldatzera iristen ez diren neurrian. Onartu ere, gizakiek ez lukete gizarte hori onartuko, baldin eta diagnostiko medikoak, euren moldagaiztasuna, euren osasunaren eten bati identifikatuko ez balu. Diagnostikoa hor dago, esplikatzeko ze, hautsi badira, euren organismoak huts egin duelako dela, eta ez inguru jasanezin baten kausaz”.

Iatrogenesis [“medikuntzaren ondoriozko kalteak”] hitzaren baitan hiru fenomenoz ari izaten zen Illich:

1, iatrogenesis klinikoa: tratamendu eragin bakoak, duda-mudakoak edo okerrak: agindutako botiken edo txertoen okerreko ondorioak; botiken erabilera gehiegia; agindutako medikamentuen arteko interakzioa; medikuen agindu desegokiak; hanka sartzeak; prozedura akatsak, errakuntza tekniko, informatiko edo mekanikoak; zabarkeria; ospitalean atxikitako infekzioak, eta abar. (Kausa horietxengatik, leitu dugu berriki, 184.000 lagun hiltzen dira urtero Estatu Batuetan.)

2, iatrogenesis soziala. Bizitzaren medikalizazioak dakarrena: medikuek, konpainia farmazeutikoek eta mediku-dispositiboen industriek gaixotasuna eragiteko dituzten interesak, osasun-eskaera irrealistak sortuz zeinek tratamendu gehiago eskatzen dituzten, edo gaixotasunak ez direnak, adinari lotutako gainbehera kasu, tratatzen dituzten.

3, iatrogenesis kulturala: gaixorik egoteko, sufritzeko eta nork bere heriotza bizitzeko eta horiei zentzu bat emateko kultur-abilidadeen suntsipena.

Inondik ere arrapizte bat izan dute Koronaldian Ivan Illichen ideiek. Lehengo batean Louis Fouché, mediku anestesista izandakoaren, osasun-sistemak berritzearen aldeko militantearen hitz batzuk aditu nituen irratian – aidian hartutako notak dira; aidian ibili beharreko garaian, bere hortan, baldinba, balekoak:

“Medikuak beren trebetasuna ari dira galtzen… protokoloa aplikatu behar dute… ez dituzte gaixoak ikusten… ez daude aurrez aurre humano bi… xifra, analisi-emaitza, datu pilo bat bihurtu da gaixoa… famili-medikua da artesautzatik gertuen dagoena… ez da perfektua, ez da algoritmoetan sartzen; kendu egin behar da… ospitaleetako pertsonala bikaina izaten ahal da; gobernantza da problema… sistema dago gaixorik… medikuntzak traizionatu gaitu… hortik heldu da medikuntza ukatzera asko”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA