Generoak eta espirituak

Pablo Sastre Forest
0

Genero-berdintasunaren diseinatzaileek emakumeak injeniari, enpresari edo poliziaburu izan daitezen bultzatzen dituzten denbora berean, emakume gehienek heziketa, zaintza edo laguntzako lanbideak hautatzen segitzen dute.

Zertako nahi dituzte, diseinatzaile horiek, emakumeak beste lanbide haietara bideratu? “Berdintasuna izan dadin”, esaten dute. Lan-berdintasunak, bere horretan, zertarako balio duen, argitu gabe doa. (Batzuek esaten dutena, “indarkeria matxistarekin bukatzeko” balio dezakeela sinisten ez baldin badugu behintzat.)

Anartean, diseinatzaileek ez dituzte gizonak batere-batere laguntza-lanbideetara bultzatzen. Laguntzak gure sozietatean daukan balioari buruz asko esaten du horrek. Nuria Labarik El último hombre blanco-n esaten duen bezala, hemen kontua da “inork ez [duela] ezertan emakumeak bezalakoa izan nahi”.

Urteak joan urteak etorri… Lan-munduan, esaten den bezala, goi aldean “esklabuak” dexentez igualdu (bai, “asko falta da egiteko”)… soldata eta prekarietate parametroetan behe-behealdean “esklabu” gehienak emakumeak izan.

“Gizonezkoen ziklo ohikoak termodinamikaren bi printzipioei [energiaren metaketa eta xahutzea] erantzuten badie –idatzi zuen Luce Irigarayk–, emakumeen bizialdia ziklo luze batean inskribatzen da, izango-denari lotuagoa, gizonezkoena baino trakeskiago moldatzen dena ekonomia errepikakor, pilatzaile, inguru-suntsitzaile, entropikoari”.

Genero neutroak emakumeen zikloa du bereziki baztertzen. Beren zikloa baztertzen ez duten emakumeek, terreno neutroan lehian, bigarren izateko aukera asko dute. (Emakumeen ahalduntzearekin, kapitalismo emeagoa-edo, justuagoa-edo, kapitalismoa bera erreformatzen eta ontzen ahal dela pentsatzen ez baldin badugu behintzat.)

Zera hauetan gidari eta aitzindari zaigun Irigarayrekin bat eginez: “Espirituaren aurkako falta bat da genero neutroa. Falta hori, [inork] genero bati bere intentzionalitatez pribatzetik heltzen ahal da, edo identitate propioari ezfidela izatetik”.

Eta berak (Je, tu, nous liburutik hartu ditut aipuak): “Sinis daitekeena da, emakumeek eta gizonek jateko edo lo egiteko behar bera daukatela. Sexu-diferentziaren auzia bazterrera uzten da. Ukatzea ere bada ezen gizonek eta, batez ere, haiek ukatuagoak izanda, emakumeek, beren naturari, beren sexuari moldatutako kultura propio bat behar dutela. Jakina, amodioa egiteari uzten ahal diogu, emakumeek erditzeari utzi, gizonek ahotsez aldatu, eta abar. Kontua da jakitea geure erabakiz ari ote garen, edo zibilizazio suntsitzailearen nezesidadez”.

Kapitalismoak eta totalitarismoak, orain hauetan, emakume eta gizon banakakoak, igualtxoak, sexuarekiko eta kulturarekiko indiferenteak, sistemarekiko etsiak, euren artean lehiakorrak behar dituzte.

“Espiritu femeninoa estintzio bidean dago; ez dago espaziorik mundua sentitzeko haren manerarentzat. Emakumeek sumatzen dute espazio falta hori. Horregatik dabiltza beren bizitzak inon ere kontatzen. Emakumeek solas eta solas egiten dute, bai baitakite euren despedida izaten ahal dela hauxe” (Nuria Labari).

Neutroak, hitzak berak dakarrenez, neutralizatu egiten du; ahitze bidean jartzen ditu norbanako sexuatuak eta giza-talde berezkoak.

Genero bernakuloez bat ahitu zen subsistentziazko bizi izatea, ahitu komuna. Genero haiek zer ziren ulertu gabe, nekez ulertzen ahal da komuna izan zena.

Azken lerro horiexek irakurri nizkiola, lagunak bota zidan galdera klabea:

“Komun hura izan zena izan zela ere… zertako lirateke inportanteak sexu-generoak, orain nahi dugun komunari buruz?”

Bizitzaren iturriez hasi nintzaion, diferentziaren ederraz… Ez zen oso komentzituta gelditu. Geroago baizik ez zitzaidan otu ustez fundamentu hobeagoko arrazoia:

Erresistentzia kolektiboko sistemarik azkarrena delako.

Eta –baita– emakumeek, eurek, oraindik ere balezaketelako…!

“Esklabu perfektoa gizonezko bat da, noski –idatzi du Nuria Labarik–, zeren haren identitatea mendez mende lanera murriztua izan baita eta gehienek ez dute besterik ezagutzen. […] Emakumeok, berriz, sistema produktibotik kanpo egon izan gara, horregatik oraindik zaigu posible kuestionatzea. Oraindik. Horrexegatik instituzioei urjentea zaie gu guztiok [emakumeok] albait lehenen aldaraztea”.

Jendeen deskonpontzeari aurre egiteko, indar haundia behar du; zein hoberik?: hor dira sexuak, eta humanoenean haien espresioa: generoak. Ez baitezpada guk ezagutu ditugunak, baina hor direnak, izan daitezkeenak, arrasortzen ahal direnak… Diferentzia, libertatea bezalaxe, ez dator emana. Indiferentzia eta destrukzioa, berriz, garen honetan, berez heldu dira.

Komun sexu-indiferentea, herri-generorik gabeko komuna, haurrik edo zaharrik edo abererik gabeko komuna bezain ez-osoa zait… eta itsusia, bai, eta tristea.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA