Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Bitartekariaren garrantzia
Atalak: Bitartekaritzaren haria, Topaguneen haria
Egilea: Gemma Carbó, UNESCO Katedrako Kultura-Politiken Zuzendaria
Irailaren 9an, Paraíso Antzerkiaren gonbidapenari esker, lan-saio bat egin nuen Gasteizko Kooperarock proiektuarekin lotutako kultura-bitartekarien taldearekin. Hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko leku lasaiak izatea aukera paregabea da ikasteko eta ezagutzak denon artean sortzeko.
Gaur egun bitartekarien lanean zuzeneko eragina duten zenbait paradigma aztertu genituen, eta haiei buruz eztabaidatu. Haietako lehena kultura-aniztasuna da, zalantzarik gabe. Egun, kultura- eta hezkuntza-arloetako esku-hartzeak ezin die XIX. eta XX. mendeetako arauetan jarraitu. Izan ere, arau haien arabera, kultura KULTURA zen, eta hezkuntza, kultura transmititzeko estrategia.
Nazioarteko beste organismo batzuek –hala nola UNESCOk 1948an sortu zenetik– sustatu dituzten hitzarmenak bilakaera horren adierazgarri ona dira. Besteak beste, hitzarmen horiek kultura-ondarea babestu nahi dute indarkeria-testuinguruetan, eta kultura-adierazpenen aniztasuna gaur egungo gizartearen aktibo handitzat hartzen dute; izan ere, aniztasun biologikoarekin parekatzen dute.
Aniztasun hori Lurreko bazter guztietan dago gaur egun, baina, horren aurrean, kultura-erlatibismoak ez du laguntzen bizikidetza baketsuaren oinarriak finkatzen. Hori dela eta, eskubideen ikuspegiari dagokionez, 1948an lortutako adostasun unibertsala hartu behar da aintzat. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean, kultura-bizitzan –pertsona eta komunitate bakoitzak, bere ustez, bere nortasuna eratzen duen kultura-bizitzan– parte hartzeko eskubidea aipatzen da. Espainiak berretsitako Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen aldeko Nazioarteko Itunaren 15. artikuluan, eskubide hori eta askatasun horiek norberarenak direla finkatzen da, eta, hortaz, 1978ko Konstituzioak berretsi egin zituen.
Nazio Batuetako Giza Eskubideetarako Batzordearen 21. ohar orokorrak kultura-bizitzan parte hartzea zer den zehazten du, eta giza eskubide guztiak bezain oinarrizkoa den eskubide hori hezkuntzaren bidez soilik berma daitekeela azpimarratzen du.
Hezkuntza, bitartekaritza eta komunikazioa pertsonei laguntzeko prozesuak dira, kultura-bizitza horretan askatasun eta erantzukizun batzuen arabera parte har dezaten, bete-betean parte hartu ere. Arteak eta kultura-adierazpenak, antzerkia, musika, dantza eta artisautzak hizkuntza unibertsalak dira, zalantzarik gabe, eta, desberdintasunetik, elkar ulertzeko eta elkarri aurre egiteko aukera ematen digute.
Kultura-bitartekaritza lan korapilatsua da, erantzukizun handikoa, eta beharrezkoa da horretan jarduten dutenek balio pertsonalak eta lan kolektiboa ondo finkatuta izatea. Izan liteke, sormenak, imajinazioak eta berrikuntzarako ahalmenak ez guztiz laguntzea garapen pertsonal eta kolektiborako helburu komuna betetzen, ezin izatea herritarrei autonomoak eta, beraz, kritikoak izaten lagundum aniztasun eta konplexutasuneko testuinguruetan izanik, eta, gaur egun, testuinguru horiek nagusi dira. Hor dago gure esku-hartzeen koska: ez da nola, zertarako baizik.
Erronka horretan, kultura-sektoreak hezkuntza-sektorearekin koordinatu beharko luke, eztabaidarik gabe. Hezkuntza –formala, ez-formala eta informala– lan kolektiboa da, eta eskola publiko, laiko eta doakoa haren gune egituratzailea da. Eskola da sozializazio- eta sarbide-esparru handia, gurean ondo burutua irismen-indizeei dagokienez. Kultura-bitartekariak eskola horren aliatu handiak dira. Arteetatik eta kultura-bizitzatik hurbil daudenez, ezagutza lortzeko eta pertsona eta herritar gisa hazteko gure moduak berriro pentsatzeko beharrezko zubiak dira.
Neurozientziak erakutsi duenaren arabera, adimen emozionalak hainbat forma ditu, sormena aliatu handia izan daiteke, eta erakutsi du zer gaitasun garatu behar dituzten gure gazteek: ikasten ikastekoa, egiten ikastekoa, izaten ikastekoa eta elkarrekin bizitzen ikastekoa. Horretarako, Marta Nussbaum filosofoak prestakuntza holistikoagoa aldarrikatzen du, arte eta humanitateetan oinarritua. Gainera, nire ikuspuntutik kultura-bitartekarien filosofoen harria izan beharko lukeen gaitasun estrategiko bat aipatzen du: irudimen narratiboa; beste modu batean esanda, bestearen ipuina entzuteko eta ipuinak gure buruari kontatzen jakiteko ahalmena.
Antzerkia, eleberria eta ahozko ipuinak, agian, irudimen narratibo hori garatzeko daukagun tresna nagusiak dira. Kontatzen duguna gara, gure burua kontatzeko modua gara. Eskerrik asko elkarbanatzeko, parte hartzeko eta ekarpenak egiteko aukerak sortzeagatik.
Gemma Carbó, UNESCO Katedra