Kooperarock
Beste ekonomia eta bizitza eredu batzuk posible direlako, lanean ari gara. DSS2016-ren Kooperarock proiektuaren baitan sortutako ekarpen, hausnarketa eta ekintzak bilduko ditugu hemen. Ongi etorri, ameslari. LANKI Ikertegia, Mondragon Unibertsitatea.
Eraldaketa Sozialerako komunikazioa
Atalak: Eraldaketa Soziala
Eraldaketarako komunikazioaz arituko gara gaurkoan. Hau da, eraldaketa helburu duen komunikazioaz. Komunikazio honen aurrekaria, “garapenerako komunikazioa” izenekoan dago, Hego Ameriketan joan den mendeko erdialdean sortutakoa.
ENTZUN IRRATSAIOA ONDORENGO ESTEKAN:
Tarte honetan maiz errepikatu izan dugu, Mondragoneko Kooperatibigintzaren hasera, Arizmendiarrieta apaizak Debagoienara iristean aurkitu zituen bidegabekeriak izan zirela, jendartearen oinazeak, alegia. Garapenerako Komunikazioa ere, antzeko testuinguru batetan sortu zen Hego Ameriketan, azpigaratua zegoen gizarte batetan, komunikabideak komunitatearen mesedetara jartzen hasten direnean.
Jabetza eta jabetzea dira garapenerako komunikazioaren oinarriak. Jabetzarik gabe, ez bait dago eraldaketarako komunikaziorik. Komunikatzaileak komunikabideen jabe izango dira, euren lana komunitatearen mesedetara jarriz eraldaketa sozialaren norabidean. Komunikazioa eraldaketaren zerbitzura jartzeko, jabetza berebizikoa izango da: komunikatzaileak euren lantokiaren JABE izango dira, JABETZAren bitartez, euren eraldaketa sozialarekiko erantzunkizunarekin JABETZEKO.