Asteartetik aurrera, Espainiako Kongresuan euskaraz hitz egin dezakete diputatuek. Legea oraindik ez dago onartuta, baina tematu egin da PSOE, osoko lehen bilkuran aplikaturik egon dadin neurria, eta egon egongo da, ez izan zalantzarik. Eta aizue, sinbolikoki bada ere, balioko du amurrioar ultraeskuindar figurak hainbeste gorroto duen euskara entzuteko. Belarriak estaliko ditu ala itzultzailearen laguntza eskatuko du?
Hain justu ere, egun berean, Europako Batasuneko Kontseiluak eztabaidatu egingo du euskarari, katalanari eta galizierari izaera ofiziala aitortzeko eskaera. Espainiako Gobernuak, jakina, babesa adierazi dio egitasmoari –zer egitera ailegatzen den bat, besteen beharra duenean–. Aldiz, Frantziako Gobernuak esan du ezetz, jakina, ezer gutxi axola zaiolako Bordeletik behera gertatzen dena, Miarritzeko uda sasoia eta kasinoaren errentagarritasuna salbu. Dioena da “hizkuntza erregionalak” ofizial bihurtzeak zalantzak eragiten dizkiola; terminologiak deskribatzen dio identitatea. Diskurtso ideologiko horretara batu da Suedia, eta “arriskutsua” hitza gehitu dio, “asko” direlako EBn ofizialak ez diren hizkuntza gutxituak, eta “ondorio juridiko eta finantzario handiak” sor ditzakeela balizko domino efektu batek.
Asteartean ikusiko da zer gertatzen den Bruselako eztabaidan. Seguru da Espainiako Kongresuan euskaraz, katalanez eta galizieraz hitz egin ahalko dela asteartetik aurrera.
Neurria ez dator euskaldungoaren mundua salbatzera, baina albiste pozgarri gisa saldu zaio gizarteari. Ez da zoritxarrekoa, ez, jakina. Euskaraz entzun ahalko ditugu politikariak, eta Espainiako presidenteak euskara entzungo du. Baina eskakizunak ez ditu hizkuntza gutxituetan entzungo. Gauza inportanteak erdaraz egiten dira –baxoako eta brebetako azterketak, esaterako–, baita esan ere, eta ez dago Madrilera joan beharrik. Gasteizko parlamentuan, kexa, aldarri eta iragarpen inportanteak erdaraz esaten dira. Edo elebitan, baina inoiz ez euskaraz soilik; alderdi guztiek egiten dute gauza bera. Lehendakaria ETB1eko albistegietan erdaraz entzuteak izan ohi du sarri zergatia: gazteleraz soilik esan duela modu horretan. Azpitituluak ez jartzea, hori beste kontu bat da.
Hainbat diputatu euskaraz mintzatuko dira Madrilen, baina etxera elebitan datorren dokumentu administratiboa irakurri badaezpada erdaraz, bien artean kontraesanik balego, jakina da-eta zein egongo den zuzen.
1 Iruzkin
Errespetu guztiarekin, ezin ulertuta nabil nola den posible EUSKARA estatuko hizkuntza/dialektoekin batera zaku berean sartzea. Esateko beharra nuen.