Nola izendatu hasiera arantzatsu hau

Gorka Peñagarikano
0

Kamera eta mikrofono kopuruari erreparatu beharrik ez zegoen ohartzeko zein pelikulak bereganatu duen Zinemaldiaren lehen eguneko oihartzuna. Noraino heldu gainera: egunean eguneko kroniketan bi-hiru-lau film aipatu ohi direnean, askok eta askok pieza berezitua eskaini die No me llame Ternera (Ez nazazu dei Ternera) pelikulari. Sail Ofizialaren jarraipena egingo duen kazetari hau ere tentaldian erori eta Kursaaleko salaz aldatu da. Egiari zor, interes informatiboak hala eskatzen zuen eta egin beharrekoa zen.

Jordi Évole kazetariak Josu Urrutikoetxea ETAko kide historikoari egindako elkarrizketa du oinarri pelikulak. Urrutikoetxea 50 urte inguruz izan zen ETAko partaide: 1968an sartu zenetik, klandestinitatean pasatu zituen ia 20 urte; 11 urte preso; eta 2002tik aurrera konponbidearen aldeko lanean, besteak beste armagabetzea negoziatzen. Espainiak bere estraditazioa eskatu du epailearen aurretik pasatzeko.

Interes jakin batzuen arabera eraikitako artefaktu politikoa izan da pelikula eta horrela lehertu du Zinemaldian. Aurrekariak ikusi ditugu; ondorenak ikusiko dira gero. Elkarrizketa dei geniezaiokeena askok kontsideratu dute galdeketa bat dela, estua izan baita oso zenbait unetan, esaterako, Hipercor-eko atentatuarekin tematu denean kazetaria, zinismoa erdi-leporatzen dionean, edota jihadismoarekin alderaketak egin dituenean, “ea ezberdina den jainkoagatik hiltzea ala aberriarengatik egitea”. Halako galdera labankadatsuei zentzuz heldu die Urrutikoetxeak, ahotsa altxa gabe, eta tonu baketsua nabaritu da bere horretan, ongietorria dena. Tenple horri eusteak zaila behar du izan bi plano diskurtsibo edo ideologiko ezberdinetan mugitzen diren aktoreen artean, bakoitzaren ildo eta lerroek ez baitirudite nonbait elkartuko direnik, eta elkartzekotan ere, talka eginda litzatekeela dirudi.

Hiltzea ez zela ongi egon, nabarmendurik geratzea nahi izan du Urrutikoetxeak, eta berak ez duela inoiz inor hil, hori ere bai behin eta berriz esan du. Ideia batzuen alde borrokatu zuela baizik, Euskal Herriak jasaten zuen errepresioaren aurka, eta hainbat operazioen prestaketetan parte hartu. Ez dirudi, ordea, filmarentzat hain inportantea denik operazio horiek gauzatzearen zergatia, errepresio horien mamia, ez baita gaian sakondu ere egiten; ez dago galderarik zentzu horretan. Azpimarra jartzen duten gaiak zerak dira, biktimen balizko kategorizazioa, atentatu batzuk arrazoitzea eta soinean daraman motxila pisutsua. Ea “guzti honek” zentzurik izan duen ere galdetzen dio kazetariak; erantzuna, bizi osoan egin duen zerbaitek zentzurik ez duela esatea gogorra dela. Eta falta zena, pelikula dramatikoen modura, biribiltzeko, esperantza gutxiko mezu bat airera: barkamen, aitortza eta bake garaiak inoiz helduko ez direnaren ideia. Bigarren elkarrizketatua eta ETAren biktima den baten hitz horiekin amaitzen da pelikula.

Jendearen erantzuna, bategatik edo besteagatik, isila izan da. Ez txalorik eta ez txisturik; jendea mutu edo ahapeka komentatzen ari zela hustu da sala. Isiltasun hori aretoaren kanpoko kazetari mikrodunek hautsi dute.

Filma amaitu orduko ozen entzun den isiltasun hori al da gatazka armatu baten ostean hazi diren gazteei transmitituko zaiena film hau ikustean? Egingo al dira, bestela, halako lan ustezko komunikatibo gehiago?

Haurrek eta gazteek makurkeriarik gabeko mundu bat sortzeko gaitasuna dutela adierazi du Hayao Miyazaki zinegile japoniarrak Mutila eta koartza animaziozko pelikulan. Mundu fantasiosoa irudikatzen du, landua, onberatasun muturrekoa oinarri duena, eta norberak bere buruarekin duen gatazkarik handiena horixe da, makurkeria gainditu beharra zintzo jokatuta.

No me llame Ternera dokumentala baino lehen proiektatu da sala nagusian Miyazakiren lan handia, eta txalo zaparrada bikaina jaso du, bestean ez bezala. Galdera da, ea fantasiak eskaintzen digun gizarte onberarekin egiten dugun amets, eta ea halako mundurik eraiki genezakeen mundu analogikoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA