Zer izango da gutaz?

Gorka Peñagarikano
0
Egilea: Durangoko Azoka

Bisitari: Zirriborroak eta gero. Mundu posibleei buruzko istorio eta fabulazioak / Ithaka / Karmele Jaio

Norvegiarrak katamaran batean heldu dira Gipuzkoara. Modernitateen errege dira nordikoak eta, badakizu, protestak zertxobait ekiditeko, eta bide batez ekologismoZer hori zuritzeko, nahiko isilpean heldu nahi izan dute itsasontziak aspaldi desagertu ziren Getariako super-portura. Ez da horrela, baina horrelako zerbait izan zitekeen Zirriborroak eta gero. Mundu posibleei buruzko istorioak eta fabulazioak (Consonni argitaletxea) liburuko ipuin utopikoetako baten abiapuntua –beno, katamaranen fabula ikusi dugu dagoeneko zenbait alditan.

Honela jarraituko zukeen –eta horrela ez bada ere, jarraitzen du nolabait ere–: norvegiarrek eraiki zituzten eoliko ikaragarri handiak Azpeitia, Errezil eta inguruetan, eta beraiek datoz eraistera. Ez dagoeneko txiki geratu direlako, baizik eta herriak –bai, herri adiera hori mantenduko da oraindik– aurka egin eta bestelako neurri drastikoagoen garaia dela pentsatu duelako. Ez dugu kontsumituko; agur teknologiari; power off betiko. Orain, eraitsi behar ditugu eolikoak. Norvegiarrek ederki asko kobratu zuten muntaketagatik; bigarren lan horretan ez da gutxiago izango. Areago, inflazio basatiak ez du tregua handirik eman urteotan, eta norbaiten poltsikoetan nabariko bada enkargu-prezio igoera, haienean izango da. Baina ez. Gazte-errebelde, has zeure lana egiten.

Hainbeste kakotxen artean baina hain erraz darabilgun etorkizun delako horri buruz dezente hitz egiten ari da hango eta hemengo aurkezpen eta mahai inguruetan. Bada, aipaturiko liburuan beste begi batzuekin begiratu nahi izan diote horri. Oinarritik hasita ikusten da lan kolektiboaren ernamuina. Izan ere, etorkizuna irudikatzeko, Euskal Herriko alternatiba errealetatik abiatu dira fabulazio bana idazteko hamar idazlek. Besteak beste, errealitate sendo diren Errekaleor Gasteizko auzo okupatua, Gerrarako Eusko Label Armak plataforma, Goiener edota Usurbilgo hirigintza feminista izan dituzte ipuinetarako zimendu, etorkizun batetan mantenduko diren posizioan jarrita. Idazle bakoitzari esleitu diote proiektu horietakoren bat, eta hortik sortu dute utopiazko gizarte bat, auskalo zenbat urtetan hemen lur hartuta eta aipaturiko proiektuak existitzen dela agindu gisa. Ariketa zaila idazleentzat; Harkaitz Cano: “Ikusten nuen nire burua ari nintzela gaurkotasun handiaren idazten, eta dardoa nahita oker jaurtitzea erabaki nuen, gero, akaso, asmatu egin daitekeelako. Desafio interesgarria bezain buruko min eragilea izan da”.

Utopiazko mundu batek galderak planteatzen ditu nahitaez. Ameslariak bezain kezkagarriak aireratu dituzte: amalurraren izenean, hamar urte pasako bagenitu arroparik ekoitzi gabe eta bigarren eskukoekin moldatuta? Gaixoen sukarrarekin argindarra sortzea posible izango da?

2050 edo 2060ra, ez dio gehiegi axola Canok eraman gaituen sasoiak. Garai horretan, 2000. urtean jaio diren gaurko gazteek, haien ondorengoei –baldin badituzte–, zein musika-talderi buruz hitz egingo diete? Zeinen oroimenetan geratuko dira gaurkoan Plateruenatik igaro diren Ithaka, Sara Zozaya edota TOC? Ezin saihestu nezakeen horrelako galderak neure buruari planteatzea Ithakaren zuzeneko emanaldia ikusten ari nintzenean. Eta automatikoki, erreflexu ekintza moduan-edo, iraganeko talde baten deiadar sonoro etorri zait parera: Kashbad. Horren ardura Leire Olariagak eta bere ahots-tinbreak dute. Ez dakit, ez nuen Kashbad sekula zuzenean ikusteko aukerarik izan, baina bizi izan gabeko horren irudiak etorri ohi dira burura halakoetan, eta hala gertatu da: Kashbad zuzenekoan ezagutu gabe, Kashbad berri baten sorrera gisa titulatu du neure garunak.

Lutxo Egiaren galderak eman dio paso sormen horri. “Zerk ezaugarritzen du taldea?”, galdegin die kontzertua hasi aurreko segundoetan urduri-urduri zeuden gazteei. “Post-punk alternatiboa edo horrelako zeozer”, erantzun du Olariagak. Nire alboko batek barre urduria egin du; ez dakit nola kalifikatu. Eskaini duten zuzeneko puskak isilarazi dizkio ondoko kide horri grazia-edo eragin dizkioten kontuak. Izan ere, jo, zeinen goxo aritu diren oholtza gainean, zeinen bibra onak transmititu dituzten, ze poz eta ze ondo. Disfrutatzen ari zirela nabari zen. Hemeretzi-hogei urteren bueltan Plateruenan horrelako presentzia erakusteak zaila behar du izan. Berotan azkar sartu behar izaten da emanaldian, kontzertua hogei minutukoa delako, eta lotsa puntu bakanen bat erakutsiko zuten lehen abestian, ez gehiagotan.

Aldiz, goxo egon beharrean, gehiegizko jende oldea gerturatu da Karmele Jaioren Maitasun kapitala liburuaren aurkezpenera, eta pena da. Hala ere, Jaioren obra ezagututa, ezohikotik gutxi zuen egoerak.

Ezohiko hileta bat da”. Horiek dira nobelaren lehen hitzak. Ezohiko hileta bat da gerora kontatuko denarengatik, baina oinarrian duena, pista moduan har daitekeena, egilearen asmo hauek dira: “Maitasuna nola bizi dugun erakutsi nahi nuen, nola erakutsi diguten maitatzen, zer nolako zentralitatea duen eta zeinen eremu intimoa betetzen”. Bereziki emakumeen posturatik ondu du nobela, aurrekoa, Aitaren etxea gizonen posiziotik egin zuen modura. Bikotearekiko maitasunak, zaintzak, loturak… Maitasunaren izenean egiten diren kontu ohikoak bezain orain artean idatzi gabeak plazaratu ditu Jaiok.

Gauzak era drastikoagoan planteatuko bagenitu… Egungo bikote ereduek segituko dute existitzen 2060an? Horrenbesteko pisua izaten jarraituko du? “Bakarrik” egoteak “beldurra” emango du= Norvegiarrek eraikiko dizkiguten eolikoak botatzen ditugunean, topa egitean –alkohol gabea, akaso–, nor besarkatuko genuke lehenbizi emozio olde horretan? Hori ere bada maitasunaren adierazle, ezta?

Galderak planteatzea Durangoren “fantasia” honek eraginda otu zait, akaso. Hirugarren egunez korridoreetan eta kanpoaldean jende olde amaigabe artean egoteak sorturiko nekea izango da, agian. Idazle batek esan dit liburu guztiak saldu dituela dagoeneko, eta liburu aurkezpena iluntzean zeukan. Zerbait arraroagorik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA