Erabakiak hartzea eta gauza horiek

Gorka Peñagarikano
0
Egilea: Durangoko Azoka

Bisitari: Basati ipuin liburua | Etxebizitzaren auzia | Punkaren beste aldea

Haur guztiak, zein baino zein, ossssso inteligenteak dira. Gurasoen irudiko, jakina. Komentario hori egin zidan bart saltzaile lanetan egun guztiak daramatzan pertsona batek. Etorri izan zaizkio gurasoak haur intelektualentzako aholku eske, esanez “nire seme/alabak oso ondo irakurtzen du” eta horrelako gauzak. “Ereinera eta Txalapartara bideratu beharko nituzke”, gehitu zion kontakizunari era jostarian. Ez dugu esango ezetz, ez dakigu haurrak benetan inteligenteak diren ala ez, baina ondo asko dakigu nolakoak diren gurasoak.

Saguganbaran eguerdi partera egin den haur ipuin kontaketan ere ikusi ahal izan ditugu hainbat kontu. Zenbatzen jarri gabe, benetan bai zenbaitzuk izan direla mugikorrari begiratua kendu ere egiten ez zioten gurasoak, eta haurra, berriz, entretenimenduari begira, Amaia Egidazuren azalpenei eta Basati liburuko irudiei so. “Zuhaitz asko jarrita, zer daukagu?”, galdegin du Egidazuk. “Basoa”, egin dute oihu dozenaka haur partaidek. Aipaturiko heldu batzuk begirada altxatu ere ez dute egin. Eta nahiko anekdotikoa iruditu zait, zure haurrari zibilizaziotik at dagoen haur “basatiaren” bizimodua kontatzen dioten bitartean, zu larrialdi klimatikoa txiste moduan kontatzen duen periodiko digital bat leitzen egotea –ez diogu propagandarik egingo–.

Apunte horiek ez dezatela protagonismo guztia hartu, baina. Kronikagileok sarri jo ohi dugu ekitaldi potoloagoetara, horrela deitu ahal bazaio, izan Atxagaren, Jaioren edo delakoaren aurkezpen saio edo irakurraldietara. Nonbait jaso gabe geratu ohi dira haurrei zuzenduriko saioak, nahiz horiek barnebiltzen dituzten balio hezitzaile eta literarioak zinez aberasgarriak izan. Kontatu genuen bigarren eguneko kronikan, ipuinen bidez heltzen zaizkigula gertuko ez zaizkigun hainbat errealitate, eta horiek ematen dietela paso imajinazioari eta sormenari. Mundu fantasiosoetara ateak zabaldu-edo, baita Durangoko Azoka honetara ere. Inoiz gutxitan galdegiten diegu geure buruei zein leku duten haurrek –gazte eta nerabeak ere sar genitzake multzoan– horrelako jende oldeko azoka batean, eta jakina, are gutxiago galdetzen zaie zein espazio har nahiko luketen. Entzunda ala entzun gabe, Saguganbaran eman diren urratsak badira nabarmentzekoak.

Etorkizuna dira haurrak. Uste dut inork gutxik defendatuko duela esaldi hori sutsuki, baina ene, zenbatetan erabiltzen den… Hala ere, edozer edonola eraikitzeko, funtsezkoa izan ohi da atzera begiratzea, eta funtsean horixe da Engelsen Etxebizitzaren auzia aurten kaleratzearen arrazoia, gaia bera, noizbait lausotu bada, pil-pilean dagoelako egun. Eta horixe da Katakrakeko editoreek nabarmendu dutena. Egunari ekiteko lehen aurkezpena zen, ez zen ordurik aproposena –baina beti ireki behar du norbaitek–, eta etxebizitzaren auziaz hitz egiteko premia handirik ez zuten etxera joan gabe hortik zebiltzan gaupaseroek. Mingain lodituek barkatuko digute.

Etxebizitzaren auziaz hitz egiteko premia badago, eta Engelsen lan hau, duela 150 urtekoa bada ere, garaira datorrela ez dago dudarik. Amaia Prietok egin dio hitzaurrea, eta errepaso ederra egiten dio Nafarroa Garaian azken urteotan egindako etxebizitza politikei. Landa-eremuen hustuketa masiboaz, hiriguneetako une bateko etxe eskasiaz eta etxebizitza duinen faltaz mintzo da, besteren artean. Zerbait alternatiboa da funtsean, eta historikoa bezain errealitate basatiaren adierazle argia. Historia nork eta nola kontatzen digun, eta zergatik gogoratu nahi dugun. Hori ere, uste dut, nabarmendu behar zaiola Katakraken lanari.

Memoria eta aitortza kolektiboaren funtsezkotasunaren kutsu politikoa du Perlataren Punkaren beste aldea dokumentalak ere. Arrasateko eta Debagoienako punkiek monumentu dokumentalista bat egin diote Jesusi Bolinagari. Gizon batek jasoko zukeen horrelako aitortzarik adinean hain aurrera heldu baino lehen… Baina beno, esan dute Perlatakoek, historia beti betikoek idazten dutela eta bereziki gizonek. Jesusik bultzatu, irakatsi eta eraiki du punk mugimendua Debagoienan. 1962an hasi zen klaseak ematen, Arrasateko musika eskolaren sorreraren aurretik, eta 50 urte baino gehiago eman ditu horretan. Ikasle ohi batek eman du deskribapena: “Sartzen zinen lokalera, eta ikusten zenuen señora bat hor erdian, armairu pila baten artean, RIP eta Eskorbuto jotzen”. Esana dago guztia horrekin. “Guztiz kamaleonika zen”, diosku beste kide batek, eta “pasioa, pasioa eta pasioa” azpimarratu dute gero. Ahal baduzue, zuek ere memoria kolektiboaren alde, baina hunkitu ere egin nahi baduzue, ikusi Perlataren dokumentala. Asko du esateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA