Ordain dezaketenek soilik irakur dezatela

Gorka Peñagarikano
0
Marisa Sias / Pixabay

Nahiko gauza bitxia gertatu da Espainiako Estatuko idazle batekin. Arrakasta salmenta-zifretan neurtuko bagenu, idazle beharrean, hain idazle on esan beharko genuke. Bada, sona baduen idazle horrek, Javier Castillok, Espainiako Gobernuko Kultura ministro berriari eskatu dio, txio batez, honako auzi hau konpontzeko, irakurle oro interpelatuta: “Liburutegitik liburu bat maileguz hartzen duzun aldiro, egilea bera da DOHAINIK ematen ari zaizuna”. Horixe dio Castillok. Eta gainera etorri zaion erantzun oldeak gazteluaren harresia bera ere igaro du. Gerora zertxobait konpontzen ahalegindu da esandakoa, uneren batean bere buruarekin kontraesanetan sartuta ere bai, baina oker zeudenak zuek zineten eta ez ni premisa horretatik irten gabe kasik-kasik.

Eskaera nori eta PSOEtik ezkerrera kokatutako koalizio bateko ministroari zuzendu zaio. Batzuentzat komunista ere izango da… Portzierto, ziurrenik orain arteko Espainiako Kultura ministrorik ezkertiarrena” da, parlamentarismo zentzu apalenean esanda.

Liburutegien defentsan irten dira liburuzain txiolariak elkar lepotik hartuta, irakasleak irakasleen defentsan irten ohi diren bezala. Ministro bat bailitzan, sareko pertsona anonimo batek, titular borobil bezala, liburutegiek kulturarako sarrera unibertsala bermatzen dutela esan du, eta horrelakoetan, sarean dabilenak badaki, ahu ahu ahu! moduko bat egiten zaiola pertsona horri. Lehenbiziko kolpea hori izan da. Bigarrena, Castilloren kasua hartuta, hauxe: bere liburu arrakastatsua, gaztelera ederrean idatzita egonda ere Hego Euskal Herriko udal liburutegi guztietan baldin badago, Ebrotik berako guztiak ere batuketan sartuta beraz… zenbat liburutegi eta zenbat ale dira horiek? “Gehiago saldu nahi du antza flipatu-alu horrek”, gehitu du erabiltzaile batek. “Lortu ezak bizitzako arazo hobe bat”, beste batek. Iruzkinen zerrenda luzea da jakina, eta gero eta beherago joan ahala, proportzionalki-edo, labanak zorrozten dira.

Liburutegiez emandako irudia liburuen mailegu sistemara mugatu dugu orain artean. Autoreak –gehienbat handiak edota lokalak– eta liburuak –horiek ere berdin– ezagutarazteko sistema gisa. Eta ez dago gaizki. Buruan darabilkit azkenaldian, ordea, Gonzalo Oyarzún txiletarrak ARGIAn kontatzen zigun ideia hau, liburutegiek liburuetatik harago joan behar luketela. Liburuek espazio osoaren %30 erabiltzeko proposamena egiten zuen, esaterako. Ondasuna, bere horretan, jakintza, jendearengan dagoelako, eta ez soilik liburuetan. “Komunitateari jakintza emateko modu ugari daude, ez soilik liburuak mailegatuta”. Birplanteatu beharko genituzke gauzak, eta ez dut esaten inor egiten ari ez denik, izan ere, agian, horrela, liburuek galduko lukete horrenbesteko protagonismoa, bizitzako momentu batzuetan sentsazioa ematen baitu liburuetan publikatutakoak soilik duela garrantzia, eta, aldi berean, ikusten duzu mundu guztia eta edonor ari dela liburuak egiten. Gero Koldo Izagirrek esaten dizu 400 liburu txarrek ez dutela literatura sortzen.

Artikuluaren titularrari galdera ikurra jartzekotan egon naiz. Izan ere, udal liburutegien mailegu zerbitzuari esker, hizkuntza entenditzen duen edonork irakur ditzake makina bat liburu trukean ezer ordaindu gabe. Beraz, eta berez, galdera ikurra behar luke titularrak, Castilloren eskakizunak apurketa bat irudikatzen zuelako. Baina arreta deitu dit Castilloren txioari astindu galanta ematen zion batek esandako honek: liburutegiek liburuen informazioa publikatzen eta zabaltzen dutela jendearen eskueran egoteko, eskubidea delako, eta kulturarako sarrera unibertsala eta ez dakit zer gehiago.

Eskubide hitza leitzeak okertu du nire bekokia, terreno honetara etorrita badaukagulako informaziorako eskubidea deituriko zerbait. Ordea, kezka moduan, prentsa digitalki irakurtzea ez ote da ari gero eta zailagoa bihurtzen? Ordainpeko hesiak ezartzen dira gero eta gehiago, eta ezabatzen direnak beti dira zero. Eduki guzti-guztia tapatuta dutenak gutxi dira Euskal Herrian; nahieran eta edukiaren arabera egiten dute ordea, eta ez du ematen eguneko kopuru jakin bat estaltzeko politika darabiltenik. Orain, gaur, komunikabide batek atzo baino artikulu bat gehiago tapatzen badu, informaziorako eskubideari eta sarrera unibertsalari kolpe bat gehiago ematen ari gara. Beraz, politika horixe da: ordain dezaketenek soilik irakur dezatela. Galdera ikurrik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA