talaiatik
Hezkuntza Literatura Politika
by Gorka Peñagarikano
  • Hezkuntza
  • Literatura
  • Politika

Ipurdi biluzi zentsuratuak eskoletan

Gorka Peñagarikano
2024-01-14
1
David Shannon idazlearen 'No, David!' liburua da Floridan zentsuratuetako bat.

2022-2023 ikasturtearen hasieran, 300 argitalpen inguru eskoletatik kentzea exijitzen zuen lege bat jarri zuten indarrean AEBetako Floridan, Don’t Say Gay edo “Ez esan gay” izenekoa. Ipuin, nobela zein poesia, sexu-aniztasunari eta LGTBIri loturikoak izan ziren zentsuratu asko. Familia eredu tradizionaletik eta heterosexualitatetik aldentzen diren diskurtsoak eskoletatik ezabatu nahi dituzte, “belaunaldi berrien mesedetan”, Ron DeSantis gobernadore errepublikanoaren esanetan. Zerrenda beltzean sartu diren liburu guztiek daukate “eduki pornografiko” deritzon etiketa. Aski da ipurdi biluzi bat daukan ilustrazio bakar bat agertzea, bost urteko haurrari kaka! esan eta hura eskuetatik kentzeko.

2024ari ekiteko, beste ia 400 libururen zerrenda argitaratu dute. Armairu beltzean sartu dituzte Game of Thrones sagaren liburu guztiak, Madame Bovary, kristautasuna modu utopiko edo distopiko batean kritika dezaketen Paradise Lost, The Pillars of the Earth edo Angels & Demons, Aldous Huxleyren Brave New World, Isabel Allenderen La casa de los espíritus edota Federico García Lorcaren La casa de Bernarda Alba.

Milaka haur eta neraberi bete-beteko zentsura ezarri diete praktika makiavelikoekin; funtzionario talde bat arduratzen da eskoletako liburuak gainbegiratzeaz, eta talde hori gainbegiratzeko beste funtzionario talde bat dago. Jakina, agindutakoa betetzen ez badute, lanpostua galdu eta erantzukizun penalekin mehatxatu zaie. Aurrekaria ezarri zuten iazko martxoan: unibertsitateko irakasle bat dimisioa ematera behartu zuten, Miguel Ángel Buonarrotiren David eskultura biluzi klasikoa ikasleekin lantzeagatik. Biluztasuna eta pornografia ez direla gauza bera defendatu zuen irakasleak.

Praktika totalitariook ez dira harritzekoak AEBetan. Are gutxiago polarizazio garaiotan, eta gutxiago hauteskunde zikloan sarturik daudenean eta DeSantisek Trumpekin lehiatu nahi duenean alderdiaren primarioetan. Baina harritzen ez gaituena ere bada kanpokoa begi batzuekin ikusi eta etxe barruan antzera jardutea. Guraso PIN-a delakoaren aferak aurrekari mordoa ditu geurean, eta sexu-heziketan hain atzeraturik dagoen gizarteak baditu errudunak, gizartean bertan, eta urrunago joan gabe: zergatik itxi zuten Gasteizko Porno Eskola, sexu heziketa berritzaileago bat zekarrena? Nola lantzen da Alardea Irunen eta Hondarribian, eta nola Euskal Herriko eskoletan? ETAk, berriz, nolako trataera du ikas-liburuetan? Haurrei “dena libre” uztearen eta heldukeriaz jokatzearen artean badira grisak, egon beharko lukete behintzat, zentsurarik gabeko heziketatik hasita. Gurasoen presioak gero eta fuertegoak dira garaiotan. Begi asko ditu hezkuntzak.

Azken bidalketak

  • Zer egiten dugu gure xaharrekin?
  • Norena da denona?
  • Ipurdi biluzi zentsuratuak eskoletan
  • Ordain dezaketenek soilik irakur dezatela
  • Balio, balore, balora

Iruzkin berriak

  1. Iban(e)k Norena da denona? bidalketan
  2. Ipurdi biluzi zentsuratuak eskoletan | Albistea...(e)k Ipurdi biluzi zentsuratuak eskoletan bidalketan
  3. Karlo(e)k Kontu hauei buruz ere hitz egin beharko genuke bidalketan
  4. Yolanda(e)k Lasai, euskara entzungo da-eta bidalketan
1 Iruzkin
    Ipurdi biluzi zentsuratuak eskoletan | Albistea… (e)k dio: Erantzun
    2024-01-15, 8:35

    […] 2022-2023 ikasturtearen hasieran, 300 argitalpen inguru eskoletatik kentzea exijitzen zuen lege bat jarri zuten indarrean AEBetako Floridan, Don’t Say Gay edo “Ez esan gay” izenekoa. Ipuin, nobela zein poesia, sexu-aniztasunari eta LGTBIri loturikoak izan ziren zentsuratu asko. Familia eredu tradizionaletik […]  […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ordain dezaketenek soilik irakur dezatela2023-12-25
Norena da denona?2024-02-07
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA