Satira politikoa oinarri duen antzezlana plazaratu du Ekida Arte Ekimen Sozialistak. Estreinaldi jendetsua egin zuten Oñatin, eta hurrengo asteburuan beste dozenaka lagun batu dira Zumaian, Etxape Zentro Sozialistaren urteurren ekitaldian.
Zentroaren kanpoko plaza hartu dute gazteek, plaza norena den galdegin eta burokrazia borrokatzeko ahalegina antzeztuta. Gazteen artean nahiko ohikoa den eszena batekin ematen diote hasiera antzerkiari: plaza bateko eserleku batean jazarrita, tertulian, pipa batzuk jateko akaso zahartxoegiak diren gazteak lata batzuk edaten daude, eta orduak pasean direla, munipa patruila bat gerturatu zaie. Tira-bira handirik sortu beharrik ez dago enpapelatzeko: aski da multak paratzeko kalean garagardoa edaten egotea. Baina kalean, kalean; alboko tabernaren terraza ez da kalea. Legezkoa da hor nahi adina jan eta edatea, nahi beste jende elkartzea, nahi beste denboran. Kontatzeko moduak egiten du antzerkia dibertigarri, baina ez dago dudarik espazio publikoaren pribatizazioa eta horrek dakarren talka zeinen asumitua daukan gizarte ustez demokratiko honek.
Plaza publikoa, denon plaza, hiru gaztek –eta alboko superrean erositako beste hiru zerbeza latek– okupatu dutela diote udaltzainek eta haien jarduna sostengatzen duten burokraziaren geruzek. Baina legediari aurre egitea erabakiko dute gazteek. Asmo onez, herritar on izateko premisarekin, araudiak planteatzen duen prozedura abiatuko dute, eskaera formal bidez plaza haiena izatea eskatuta. Jo beharreko lehenbiziko atea: udaletxea. Leku horretantxe bertan hasten da Asterix eta Obelixen Zoratzen duen etxea eszenaren erreprodukzioa: Herritarren Arreta Zentrotik Hirigintza departamentura, leihatilaz leihatila lehen solairutik hirugarrenera, hirugarrenetik bigarrenera, paper bat falta dela eta gero bestea, bateko idatzizko eskaerak, besteko dokumentazio-eskeak, itxaronaldiak… Harritzekorik ere ez hemen, horrela jokatu beharraren zenbaterainoko asimilazio mailara heldu garen.
Hiru antzezle eta lau kaxa baino ez dituzte erabili Ekidako kideek. Eta plaza bat, jakina. Kaxak alde batetik bestera mugitu, alkatearena egiteko banda jantzi, pastazko betaurrekoak udal langilearena antzezteko, eta jaka ilun bat enpresa gizonaren itxura emateko. Hiru antzezle, beraz, sei pertsonaia janzteko. “Makina perfektua gara”, diote enpresari, udal langile eta alkateak lokomotorraren txuku-txuku–txuku-aren erritmora. Enpresaria da makinaren burua, denona den lekua, eta aldi berean inorena ez dena, norbaitena bihurtzen duena.
Burokraziaren araudipeko eskaera orri batek aldaketa orri bat ere irudika dezake. Umorez eta satiraz baliatuta, aldarriak erraz asko heltzen dira ikus-entzulearengana. Eta galdera bi oso presente geratzen dira: denona da, baina nor da denok? Eta nork agintzen du hemen, nork-nork-nork?
Plaza hau gurea dela aldarrikatu dute Ekidakoek, baina entzuleen artean zegoen ume batek eskua altxatu eta antzezlana bukatutakoan zentzu are handiagoa eman dio emanaldiari. “Plaza hau ez da zuena”, esan du. Buelta erdia eman eta alboko ezkaratzera sartu da. Berea da plaza. Ez enpresariarena, ez alkatearena eta ez hiru lata txoro edan nahi dituztenena. Auzotarrena da. Ez dago ezer gehiago esateko.
[Zitatuta dituzten hurrengo hitzorduak: martxoaren 12an Urretxun, eta martxoaren 22an Elorrion]
1 Iruzkin
Oso ongi adierazten dute nolako INDARKERIA INSTITUZIONAL ETA BUROKRATIKOpean bizi garen. ZORIONAK!