Zer egiten dugu gure xaharrekin?

Gorka Peñagarikano
0
Apirilean Aulestin ariko dira, antzerkigileen topaketan.

Zer: ‘Gure xaharrak’ antzezlana (Bonbon Beltz konpainia).

Noiz: Otsailaren 18an.

Non: Oiartzungo Landetxe aretoan.

————————————————————–

Txotxongiloen teknika erabili dute egoitzan bizi diren zaharrak gorpuzteko. Txotxongiloek ez dute hitzik egiten, egon egoten dira, eta ez dute erabakitzeko gaitasunik. Objektuak dira, erabiltzaileak; dagoena erabiltzen dute, eta programatzen diren ekintzen parte hartu, nahitaez. Hitz egiten duen txotxongilo bakarra egoitzatik kanpo dago, baina laster sartuko da hura ere erresidentzian.

Kontatzeko erak lotura ederra eratzen du adinekoen egoitzek funtzionatzeko duten sistemarekin. Izan ere, Urtxintxa Urdinak izeneko zahar etxean, beste askotan bezala, etekin ekonomikoa helburu duen lanaren antolaketak talka egiten du, zuzen-zuzenean, harremanaren funtsezko gizatasunarekin.

Pandemiak hainbat situazio are era basatiagoan bistaratu zizkion gizarteari, adinekoen egoitzen sistema bera kasu. Maika Etxekoparrek apunteak hartu zituen orduan, eta pandemiaren ostean gorpuztu zuen auzia. Obra honen gidoia idatzi eta antzezle lanak ere egin ditu. Eta sentsazioa ematen du, oholtza gainean hitzez adierazi ez badute ere, azpimarratu nahi zuen apunteetako bat hauxe dela: identitateak gorputz gisa ulertzen direla, eta gorputzak objektu moduan zaindu. Alegia, era zakarrean esanda: etxe honetan arau eta jarraibide jakin batzuk daude, denentzat berdin, eta ez da inor bestea baino gehiago, bat gehiago baizik.

Txotxongilo bakoitza adineko egoitzako erabiltzaileetako bat da, baina bakoitzak du bere pertsonalitatea, eta hori bistaratuko da erraz: isilean jarraibideak onartuko ditu batek, kexa adieraziko du besteak, libratzen ahaleginduko da ondokoa… Dezepzio bakoitzak gorputz atalak galtzea eragingo diete xaharrei. Artalde baten moduan jokatu beharko luketen arren, artalde izan nahi ez duen taldearekin talka egingo du atentzio pertsonalik kontenplatzen ez duen sistemak. Eta, jakina, arta indibidualik ez da existitzen, langile nahikoa ez dagoelako.

Identitatez bustitzen dute, oro har, antzezlana. Lanean hasi berria den gaztea da Ester, gogotsu datorrena lanera eta gauzak eraldatzeko grina duena. Sistemak jango du ordea, alboan izango dituen lankideak iraganean egin bezala. Musikazaletasun handia duten bi langile daude zentroan, eta horiek beraien aletxoa horrelaxe jartzen dute, pianoa joz eta kantuz; horixe da, akaso, sistematik aldentzeko gertakaririk behinena. Ikusten da horrelakoak nola eskertzen dituzten zentroko erabiltzaileek. Ikus entzuleek ere plazer dute Volare eta Felicità abesti klasiko italiarrez goxatzea.

Argumentua eta istorioa indartzeko badira bi gako. Egoitzaren urteurrena ospatzeko festa antolatzeak ere sortzen die halako urduritasun berezi puntua, nobedadea izango delako errutinaren erruberan. Eta, aldi berean, langileek kezkaz bizi dute gobernuaren azken berria, mehatxu den neurria: maiztasun handiagoko osasun-inspekzioak. Egoitzaren arduradunak ezinegon handiz bizi du egoera. Langile gutxiegi ditu eta baldintza prekarioetan gainera, baina badirudi ezin duela beste ezer egin.

Auzia horixe da: egoitza kartzelarioak sortu dituela sistemak, eta bertako langileen egoera bezain prekarioa dela eskaintzen den arreta. Horretara doa galdera: zer egin xaharrekin, haiekin ala haiek gabe?

Egileak:

  • Taula zuzendaritza: Maika Etxekopar
  • Txotxongiloen fabrikazioa: Battitt Halsouet
  • Musika: Bruno Hollemaert
  • Txotxongilo zuzendaria: Marion Gardie
  • Antzezle maneiatzaileak: Ahlam Slama, Battitt Halsouet, Amaia Irazabal, Bruno Hollemaert, Maika Etxekopar
  • Idazketa: Bonbon Beltz, Itxaro Borda
  • Argi sorkuntza: Gaëlle Fouquet
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA