Balio, balore, balora

Gorka Peñagarikano
0
Larunbat iluntzean lasai samar zegoen azoka. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY SA)

Ekosistema kapitalista elikatzen duen plazetako bat da Durangoko Azoka, hori pentsatu eta publikoki adierazteak askori min egiten badie ere. Salgai nagusia kultura da azokan. Kultura, letra xehez idatzita. Letra larriak erdigunetik kendu genituen aspaldi: hizkuntza, begietara salto egiten duten gaztelerazko argitalpenak ohi baino integratuago zeudela iruditu zait; eta nortasuna, zer nortasun? Euskal identitatea deritzon hori ez genuke, jakina, sagardoa-bertsoa-txapela hiruko horretara mugatu beharko, baina horretatik baino gehiago ikusi dugu Rosaliak saltzeko duen estilotik. Eta Rosaliaren aurka ez dut ezer. Baina ez dezagun hitz egin ez dakit zer nortasun idealizaturi buruz.

Kultura erdigunean jarri dela irakurri ahal izan dugu han edo hemen. Fondo-fondoan ekonomiak agintzen duen kultura, eta kulturaz eta arteaz daukagun egiturazko ikusmolde eta politikak lausoturik. Lehia batean bizi gara hemen ere.

Azokako lehen hiru egunetan jende dezente ibili da, eta hurrengo bietan gutxiago; hala ere, tonika bera edo oso antzerakoa izan dute bost egunek. Modeloen paseak bailiran, kronometroarekin neurtutako hogei minutuko esposizio-saio biziak egin dituzte egileek, jendetsuagoak ala ez, funtsean helburu berarekin: publikoa ahalik eta gehien kitzikatu eta mini-aurkezpenaren ondoren erostera konbentzitzea. Aurkezpenaren egitura azalekoa baino ez da. Hogei minutuk ezer gutxirako ematen dute, hasteko ere ez. Liburuaz lau printza esaterako hortxe dago azokako langilea egileari ordularia seinalatzen. Eta ez da bere errua, gauza askotan bezala, egiturazko sistema delakoa baitago atzean. Gero zer erantzukizun hartzen dugun horrekiko, beste balore eta funtzio batzuetako molderik bilatu nahiko genukeen… Beste kontu bat da.

Koldo Izagirreri gertatu zitzaion jendeari galderak egiteko unea luzatu baino lehen aurkezpena amaitutzat eman behar izatea. Geratu zitzaion aurpegiak dena zuen esateko. Irribarre erdi bat, “zer egingo diogu” esan eta kanpora, hustu behar da aretoa hurrengoa datorrelako. Bernardo Atxagak beste eredu bat erabili zuen bere aurkezpenean: liburuaz bi kontu azkar esan eta bizitzaren joanaz, salbuespenek gidatzen duten gizarteaz edota gupidaz mintzatu zen oro har, berak bakarrik egin dezakeelako horrelakorik, ez duelako liburua esplizituki saltzeko beharra.

Biharamunak balorazioetarako izan ohi dira. Kultura saldu dugu, baina ea zenbat. Zifretan neurtzen da. Egun hauetan irakurriko dugu hainbeste bisitari egon direla eta hainbesteko gastua egin dela. Ea nori galdetzen diogun. Ea, standez stand apunteak hartzen ibili garenok, bazterrekoak eta salduenak izan ez diren eduki horiei meritu eta beharrezkotasun puntu nimiñorik aitortzen ote diegun. “Salmentak onak izan dira” idatzi edo irakurtzeak ez baditu gure ipurdiak deseroso jartzen, agian larreko asimilazioetan erori gara dagoeneko.

Salerosketa egitura basatiaren bazterretan alternatibak sortzen dira hala ere, eta poz eta itxaropen une batzuk bizitu ditugu maratoi egunotan. Sinergiak sortu dira, jarrera kritikoak esplizituki babestu, Durangoko Museora joan eta bermutaren bueltan solastatu, bazterreko kolektibo eta indarkeriak gehiago ikusarazi eta kontu gehiago. Engelsen Etxebizitzaren auzia espero baino gehiagok begiratu eta erosi dutela entzun dut, eta poz apur bat eman dit horrek. Edo Hannah Arendt, edo Moby Dick… Euskaraz irakurtzeko luxua.

Balorazioen ostean, iritsiko da negua, udaberria… Eta segituko dugu Durangora joaten, segituko dugu hamarnaka euro ordubetean xahutzen, etxeko apalak dotoretzen eta geure produktuak iaz baino gehiago saltzen saiatzen. Segituko dugu kritikatzen ditugun dinamikak elikatzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA