Ahmed
“Ahmed dut izena. 19 urte ditut eta hazara etniakoa naiz. Kabulen urte dexente eman ditut baina Bamiyan da nire jatorriko herria. 10 urte nituen talibanek gure buda erraldoiak txikitu zituztenean. Tankeak erabili zituzten horretarako.
Dena den, okerrena guk pasa genuen. Xiitak gara (suniak talibanak) eta gure ekialdeko aupegierak berehala bereizten gaitu pastundar edo tajikoen artean. Ez zaigu ia bizarrik ateratzen eta gure begiak… Funtsean, ez dugu ezkutatzeko modurik.
Buden suntsipena gure herria pairatzen ari zenaren metafora garbia baino ez zen. Makina bat urte eman ditugu Kabulgo diskriminaziopean, batez ere talibanen garaian. Elkarren atzetik hartu eta akabatu egiten gintuzten… “Munafiqin” (“herexeak”) gara beraientzat.
Zorionez, nire aitak ez du hazara itxura handirik eta libre utzi zuten, tajikoa zelakoan. Nire amaren lau anaiak, aldiz, talibanek hil zituzten. Duela gutxi jakin nuen haietako bat harrika akabatu zutela. Emakumeentzat soilik gordetako zigorra zelakoan nengoen ni. Harritzekoa.
Talibanen erregimena erortzean, Kabulera etorri ginen. Gaur Dast-e Barjin bizi gara, hazara auzoan, hain juxtu. Tamalez, nire etxea Kabulgo erdialdetik oso urrun dago eta gela hau elkarbanatu behar izaten dut beste bi lagunekin. Gogor ari gara hirurok, unibertsitatean sartzeko azterketa prestatzen. Ingeniaritza edo kazetaritza ikasi nahi nuke baina oso nota altua behar da beka bat lortu ahal izateko. Ikasketengatik ez balitz, zurekin bidaiatuko nuke herrialdean zehar. Oraindik ez dut Afganistandik ateratzeko paradarik izan baina jakin badakit gauza asko daudela ikusteko hemen”.
2 Iruzkin
Trackbacks/Pingbacks
- Besteaz etxetik - [...] zorian egon naiz, bai eta idazten hasita ere. Baina, nola txertatu honelako anekdota ñimiñorik Ahmed, Mateo edota Herateko emakumeen…
Hazara auzoa? zer esan nahi du horrek? Ghetto antzeko zerbait? Zer lan klase egiten dute? xumeenak? Beste aldetik,nola bizi dira emakume normalak kalean, lanean, bakarrik, taldeka erosketak egiten? Berritsu, alai ala triste, lotsati familiko ez diren gizonekin? Begietara begiratu ezgero begirada mantentzen dute( ez bada edukazio txarrekoa han) ala humilak dira?
Gaur hemen euria ari du eta tenperatura jeitsi egin du.
Udazkenean sartu gara eta beste galdera etorri zait; noiz/nola egiten du euria han eta nola egiten dute hango poppysoroak ureztatzeko? Zaindu Karlos!
Kabulen hazara auzo bat dago, bai eta pastundarra, tajikoa eta uzbekiarra. Talibanen garaian, auzo bakoitzak bere aginte propioa zeukan, hiria lau zatitan banatuta zelarik. Hazarek berebiziko errepresioa jasan dute Ahmedek aipatutako arrazoiengatik. Honela, erraz topa daitezke lanpostu eskasenetan (zerbitzari, garbitzaile…etc)
Emakume gehienak burka daramate. Eta ez daramatenekin ezin begirada gurutzatu, inondik ere; begirada berehala eskutzatzen dute.
Familiakoak ez diren gizonekin nekez topatuko dituzu hizketan. Erosketak taldeka, bai.
Gaur Ahmedi galdetu diot euriari buruz, hain juxtu. Neguan elur asko egiten du hemen, eta euri asko martxoan. 16 egunetan behin baino ez dut euria ikusi, eta ez zen gauza handirik izan. Dena den, mendiek inguratuta gaude (pentsa ezazu Hindu Kush mendilerroaren oina dela hau) eta, antza, ura ez omen da inoiz falta Kabulen.