Nola doa gerra?
Hauxe izan da gehien entzun dudan galdera duela hiru aste iritsi nintzenetik.
Nik ere bertakoei makina bat aldiz galdetu diet, era batera edo bestera. Hala ere, onartu behar dut ez naizela gauza kazeta medio honek eskatuko lukeen hausnarketa sendoa egiteko. “Analisia” hitza potoloegia gertatzen zait, entzun eta jaso besterik ez baitut egin kazetari nabilenetik. Datozen lerroetan, beraz, entzundakoaren bilduma egingo dizuet.
Talibanak herrialdeko hegoaldean dira indartsuen, nahiz eta hiriguneak ISAFen kontrolpean egon. Honek zera esan nahi du: batek pasira eman lezakeela Lashkar Gahtik edo Kandaharreko hiriguneetatik apenas gatazka arrastorik nabaritu gabe. Handik atera bezain laister, ordea, talibanen kontrolpeko eskualdea hasten da. Kanpoaldean mugitzeko aukera (“seguru”) bakarra, beraz, ejerzitoarekin “enpotratzea” da.
Aurreko sarrera batean aipatu bezela, errepideko desplazamenduak arriskutsuak izan daitezke askotan, eta ia ezinezkoak herrialdeko hegoaldean. Talibanen armarik eraginkorrena IEDak dira, eraso suiziden aurretik. Honela, ohiko ejerzitoak gerrila erasoei aurre egin behar die, eta hau ez da, inondik ere, inoiz erraza izan.
Gauza jakina da talibanen eta Gobernuaren arteko negoziaketak bidean daudela, eta azken asteotan berebiziko bultzada jaso dute. Nolanahi, behin baino gehiagotan entzun dut balitekela “sinatu gabeko” akordio bat gauzatzea non Gobernuak hiriburuak kontrolatuko lituzkeen, eta kanpoaldeak talibanek. Egia ala ez, susmagarria da oso Kabulen hain eraso gutxi gertatu izana azken hilabeteotan, batez ere hauteskunde garaian. Mosul eta Kirkuk hirietan ikusitako kontrol zorrotzen aldean, benetan barregarriak dira Kabulgo sarreretan afganiar ejerzitoak kudeatzen dituen checkpoint-ak. Hemen nagoenetik ez didate behin ere pasaportea eskatu, ezta nire taxiaren maletategia irekiarazi ere. Oso seguruak diren Irakeko Kurdistango herri nahiz hirietan (Dohuk, Erbil, etab) askoz ere mihaketa estuagoak ikusi izan ditut. Funtsean, nahi izanez gero, Kabulen erasoak burutzea oso erraza litzateke.
Talibanen garaiko hiru ministro ohi dira egun Gobernua eta oposizioaren arteko elkarrizketak bideratzeko ezinbesteko giltza. Petraeus–Karzai binomioarekin bat eginik, behin taliban agintari gorenak izandakoak, agian bakea lortzeko tresna bakarra bilakatu dira egun. Balizko negoziaketa batean, presoak aske geldituko lirateke eta, ziurrenik, hainbat eskualde euren kontrolpean.
Bestetik, “Petrakarzai” gerrila erako talde armatuak finantzatzen ari omen da talibanen kontra borrokatzeko. Duela gutxi, beraiekin egondako bertako kazetari batekin hitz egiteko parada izan dut. Ekipamenduagatik ez balitz, nekez bereiziko zituela taliban ohietatik esan zidan nire kolegak.
Afganistango Gobernurako lan egiten duen lagun batek zera esan zidan, hauetako 3.000 daudela Pakistanen, pastundar eskualdeetako talibanen kontra borrokan. Egunotako albisteak jarraitu badituzue, honezkero jakingo duzue NATOko tropak bertan gogor ari direla ere (gogoratu, “al Qaeda Europan erasotzeko planak burutzen ari zen handik”…). Islamabaden haserrea, jakina, mundiala da.
Atzerriko ofizial eta Gobernuko hainbat ordezkarirekin hitz egin ondoren, bakerako bidea negoziazioa besterik ez dela jaso dut. Aurrerapausu benetan handia izan da amerikarrek prozesu hau bultzatzea, jendaurrean oraindik onartu ez baduten arren.
Kaleko jendea bi muturren artean estututa dagoelakoan nago: talibanak batetik eta okupazioko tropak bestetik. Gaur arte ez diot inori entzun talibanekin hobeto bizi zirenik. Aldi berean, kanpoko tropak gogoko ez izan arren, jendeak ez luke nahi hauek berehala joatea. “Ez zurekin, ezta zu gabe ere” erako pentsamoldea nagusi, beraz.
Nekea agerikoa omen da talibanen artean ere. Batetik, urteetako nekea; bestetik, ederki asko dakite agintean zeudenean ere ezin izan zutela inoiz herrialde osoa menderatu.
Funtsean, nire ustez denek dakite jada gerra hau ezin dela irabazi. Gakoetako bat gerorako bizilagunen papera izango da. Bada, ia segurutzat jotzen da talibanen arteko sektore asko bereganatu ditzakela Kabulek baina, nola eten Iran eta Pakistanen laguntza borrokan jarraitu nahi duen oposizioari?
Arrazoia daukazu,hau ez da tokia horrenbeste galdera eta estilo hortan egiteko baina badakizu zu hor egonda…. Dena den oso garbi erantzun duzu eta importanteena nire ustez, jende arruntaren iritzia eman duzula.
Eskerrik asko ere zure iritzia emateagaitik.
Beno Karlos kontuz ibili