“Zuek erlojuak, guk denbora”
Herrialde honetan edonon nagoela ere, mota honetako oroigarriekin egiten dut topo beti. Lashkar Gahn atera dut honako erretratu hau. Amerikarrak ez, errusiarrak, sobietarrak dituzue herdoilak jandako traste hauek.
Astunegiak dira bistatik baztertu ahal izateko eta, nahigabe, Afganistango paisaiaren zati bilakatu dira jada. Helmanden dauden amerikar, britainiar, estoniar eta georgiar soldaduek ere egunero ikusten dituzte euren patruiletan.
“Gerra hau ezin da irabazi”. Garbia da oso gerra hondakin hauen mezua. Edo hala iruditzen zait niri, behintzat.
Talibanen eta Gobernuaren arteko negoziazioak bidean ei daude. Baliteke hainbat komandanterekin akordio bat sinatzea, ados. Baina benetan uste al du Kabulek oposizioak, bere osotasunean, armak utziko dituela Karzairen gobernuarekin bat egiteko? Pakistan ados? Eta Iran?
Lashkar Gah bidean, amerikarrek Kandaharren eraikitako base militarra ikusi nuen airetik. Nire alboko gizonak zioen Kabulgo aireportua baina hiru aldiz handiagoa dela. Hori gutxi ez, eta, Logar eskualdean, hura baino askoz ere handiagoa den beste bat eraiki omen dute.
2011an ospa egiteko eraiki dute hau dena? Porlanak kontrakoa dio.
Iraken gertatutakoaren itxura hartzen diot nik honi. Amerikarrek Kirkuken duten basea ikusi nuenean, berehala ulertu nuen luze joko zuela marinen egonaldiak Iraken.
Bitartean, talibanak herrialde osoan zehar zabaltzen jarraitzen dute. Atzora arte “ukiezinak” izandako tokiak, erasopean daude egun. Hain zuzen ere, Kunduz eskualdeko gobernadorea elkarrizketatzeko asmoa nuen baina lehengo ostiralean akatu zuen bonba auto batek… Eta Kunduz ez da Helmand, Kandahar edo hegoaldeko eskualde gogor horietakorik. Ez, Kunduz iparraldean dago, Tajikistango mugan hain juxtu.
“Zuek erlojuak dauzkazue, guk denbora!”, esan omen zien amerikarrei taliban komandante batek, okupatzaileek berau atxilotu zutenean.
Historia errepikakorra da. Eta komandante hark ezin ozenkiago esan zuen.
Baina hemen gorrak dira denak.
Ezberdintasun nabarmena