Biktimak ber-biktimizatzen iaioak gara gizarte honetan.
Ez diet sekula ezeren errurik botako iheska datozenei, ihesa beti baita zilegi pobreziatik edo gerratetik bazatoz. Arazoa etorkinak direla entzun diet askori egun hauetan. Ezin izan ditut alboko asko konbentzitu (lagun onak tarteko), beste herri batetik gurera datozenak gogoz kontra egiten dutela bidaia hori. Bere herrian ondo baleude ez luketela inongo hesirik salto egin beharrik izango, ez luketela itsasoa gurutzatuko, ez luketela animaliak bezala gure kaleetan bizitzen egon nahiko. Ezin. Arazoa seinalatu eta behatzari so geratzen gara gizarte bezala, arazoa bera behatza delakoan.
Nire artxiboetara salto egiten dut honelakoetan. Bai paperekora baita argazki digital biltegira ere. Oroimenak gaur egungo mamuak uxatzen lagunduko didalakoan. 2015ean Sentilj-eko (Eslovenia) irudi honek deiadar egin dit ordenagailuko monitorean. Argazki oinean idatzi nuen negu hotz hartan 25 urteko afganiar batek esandakoa inprobisatutako kontzentrazio esparrua zirudien “babesleku” baten langaren atzetik: “Schindlerren Zerrenda filma ematen du honek”. Ez nuen izena galdetzeko aukerarik izan, polizia militarra etorri eta kamara kentzen saiatu ziren eta. Polizia askorentzat errefuxiatuak bakarrik ez, kazetariak ere arazo bat baikara.
Ganadua bezala tratatzen zituzten esloveniako poliziek pertsona haiek. Baina arazoa Turkiak, presio politiko bezala bidalitako errefuxiatuak ziren mass-medientzat, ez Ankara, ezta Siriako gatazka. Are gutxiago Irak-eko gerrate inperialista. Arazoa iheslari horiek ziren.
Testuingurutik aterata benetako arazoa txikitu eta biktimak erruduntzat jotzen ditugu. Bai Sentilj-en baita Ceutan ere. Estatu Espainiarrera iritsi diren marokoar horien istorioak entzun nahiko nituzke. Ziur “Schindlerren Zerrenda filma ematen du honek” bezalako esaldiren bat entzungo nukeela.