Eulia balitz bezala bota zuen hegazkina. Hegazkin frantsesa. Kontatu nizuen mexikarrak nola egin zuen sahararrentzat historikoa izan zen akzio armatu hura. Gaur egungo borrokan estatubatuarren eta israeldarren droneekin dabil Maroko (hegazkin amerikar eta frantsesekin batera). Halere ez dira horiek gaur egun Fronte Polisarioari min gehien egiten dieten armak. Sateliteak dabiltza dron horiek baino gorago eta basamortuan ez dute txokorik uzten behatu gabe. Sekreturik ezin mantendu inguruan inor izan gabe ere.
Mexikarra halere ez zen ezkorra. Triste bizi zen patuak eman zion bizimoduagatik, irribarre gutxi egiten zuen. Baina ezkorra ez zen. “Denbora kontua izango da, itzuliko gara herri bezala. Nire garaiko borrokalariak ez, tamalez, baina herri bezala itzuliko gara. Arrazoia dugu eta Allah-k hori saritzen du. Gure borrokan guk dugu arrazoia, ez etsaiak”. Nekez kendu diezaiokezu ideia hori burutik saharar bati. Esperantza izaten garaileak dira.
Minurso badoa. Estatubatuarren inperialismoak eta Marokoren zikinkeriak diplomatikoki irabazi dute. AhmedSalem lagunak telefonoz “Orain ez dugu beldurrik. Gerrako legeak bete ditugu nazioarteko arauak beteta. Beraiek ez dute ez legerik ezta araurik bete. Legeak egiten dituenak ez ditu betetzen. Bada guk ere ez ditugu beteko. Gatazka erabatekoa izango da eta irabazi egingo dugu. Gure herria edo martirien paradisua. Handik irabaziko diegu, paradisutik. Paradisutik zeruan dituzten satelite eta dronak berantz ikusiko ditugu eta hortik erasoko diegu” esan dit aztoratua.
Irudian: Mexikarra bere Shreif Martiria ospitaleko gelan, gurpildun aulkiaren ondoan, hegazkina bota zuenaren kontakizuna esan zidanean 2010. urtean. Paradisutik baino sahararrak infernutik gertuago daudela iruditu izan zait beti.