Estatu Islamikoa indartzen ari da Sirian

Andoni Lubaki
0
Andoni Lubaki / Ronak Press

Siriako presidente Ahmed al-Sharaak gerra irekia deklaratu dio Estatu Islamikoari. Telebista eta irrati publikoetan herritarrei zuzendutako mezu batean, terroristatzat jo ditu Estatu Islamikoa eta haren aliatu guztiak. Sirian eta Rojavan bertan dauden hainbat iturrik ARGIAri baieztatu diotenez, armada gatazka-egoeran dago asteazkenetik. Gerraren lehen urteetan, Al-Qaedaren Siriako adarra zen Al-Nusra Frontea gidatu zuen al-Sharaak.

Deklarazioa Hasakan izandako erasoen ondoren iritsi da. Azken egunotan, Estatu Islamikoak Siriako armadaren hiru posizio eraso ditu hirian, eta Mushairfa auzoko kuartelean bi soldadu hil ditu. Abenduaren 8an bi urte beteko dira Damaskoko gobernu islamistak boterea indarrez hartu zuenetik, eta harrezkero gora egin dute eraso jihadistek.

ACLED gatazka-behatokiaren arabera, Estatu Islamikoak 274 eraso egin zituen Sirian 2025ean, gehienak Siriako Indar Demokratikoen aurka. 2026ko lehen sei hilabeteetan beste 70 egin ditu, eta horietatik 52 gobernuaren indarren aurka izan dira: iazko 16en aldean, hirukoitza baino gehiago. Saraya Ansar al-Sunnah taldeak ere hainbat atentatu aldarrikatu ditu, besteak beste Damaskoko Mar Elias elizakoa (2025eko ekainean, 25 hildako) eta Homseko meskita alauita batekoa (2025eko abenduan, 8 hildako). Analista batzuen ustez, Estatu Islamikoaren tapakia da talde hori; beste batzuen ustez, HTStik banandutako talde bat da.

Otsailean, Estatu Islamikoak al-Sharaaren gobernuaren aurkako “operazio-fase berri bat” iragarri zuen. Ordutik, armadaren eta segurtasun indarren aurkako erasoak areagotu ditu, batez ere Siriako iparraldean eta ekialdean.

Irailean, Siriako agintariek jakinarazi zuten EIren zelula batzuk desegin zituztela eta hainbat buruzagi eta kide atxilotu zituztela. Hala ere, eremuan lan egiten duten kazetariek eta gobernuz kanpoko erakundeek ezin izan dituzte datu horiek egiaztatu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA