AFAPREDESA (Preso politiko eta desagertuen senideen saharaui elkartea da). Bertan agertu zen Said Salek orain dela urte batzuk errefuxiatu kanpamentuetan lanean ari nintzela. 1991. urtetik desagertuak edo torturatuak izan zirenen inguruko lan bat egin nahi nuen. Madrileko El Pais egunkariko kazetari batek esan zidan “ez dago ezer. Aspaldidanik desagertutakoak soilik daude bertan eta tortura kasurik ez da eman”. Ez nion sinetsi eta kazetari sasijakintsu horrek esandakoa Abdeslam-i esan nioenean irribarre bat irten zitzaion. “Badaude. Soilik europar askorentzat, ikerketarik egiten ez dutenez, Marokoren tesia onartzen dute. El Pais beti izan da oso maroko zalea. Izan dituzte tirabirak baina orokorrean Partidu Sozialistaren ildoa jarraitzen dute, Felipe Gonzalez-ek boterea lortu zuen une berean egunkari horrek ere, kazetari gutxiren salbuespenarekin, marokoren tesia defendatu du defendatzen duela esan gabe”. Abdeslam-ek ondo asko daki guzti honen berri, bera baita AFAPREDESAKO presidente. “Said aurkeztuko dizut”.
Ez dizuet berriro Said-i komisaldegian egindakoa kontatuko, argazki eta kontakizun asko daude. Atetik sartu orduko, paper mordoa besapean zituela konturatu nintzen. Karpeta lehertzear zuen. Nazio Batuen dokumentuak, medikuaren gutun bat marokoar militarrek egindako presioa kontatzen bera sendatzen zuten bitartean, eta abar luze bat. “Jende askok oraindik ez dit sinesten nik ez nuela ezer egin” esan zidan. Paperak eta paperak erakusten zizkidan egia bat demostratu nahian.
Bere gorputza eta aurpegia ikusi beharrik ez zegoen pairatu zuena ulertzeko. Torturatua izan zela demostratu beharrak torturatzailea boteretsuago egiten du. Torturatzaileak gutxitan defendatu behar izaten du bere burua, aldiz torturatuak (Said-en kasuan bezala) egin ziotena demostratzen eta justizia bila bizi osoa pasatzen du.
Abdeslamek Said gizajoak paperak eta paperak atera bitartean esan zidana idatzi nuen nire egunkarian. “Ez zioten gasolinarik bota, kerosenoa baizik. Marokoarrek negurako zuten estufa txiki batetik hartu zuten. Kerosenoa azalera itsasten da. Ondo zekiten zer ari ziren egiten, zer egingo zioten. Gorputza nabarmen erreta izanda ere gorputza erreta duela demostratu beharra dauka. Haragia urtu zioten!”