Nola egin kazetaritza ez sexista jendarte sexista honetan? Nola kentzen dira betaurreko matxistak artikulua idazterakoan? ARGIAk asmo sendoa du gizarte parekidearen bidean bere alea jartzeko, eta horren lekuko uztailaren 8ko ikastaroa. 10etik gora kazetari eta komertzial bildu ginen June Fernandez kazetariarekin. Fernandez gonbidatu genuen kazetaritza ez sexista eta feminista lantzen aritua eta aditua delako. Pikara Magazineko zuzendaria da eta Mari Kazetari blogaren egilea. Bi orduko saioan haren gogoetak eta esperientziak xurgatzeko aukera izan genuen, eta ARGIAko kazetariok egunerokoan sortzen zaizkigun zalantzak, gabeziak eta erronkak mahai gainean jarri genituen.
Fernandezek kazetaritza egiteko orduan hiru jarrera edo maila nagusi nabarmendu zituen. Lehenengoa, kazetaritza ez sexista egitea litzateke. Hau da, onartzea jendartea sexista dela, begirada matxista nagusi dela. Horren aurrean, kazetariak betaurreko matxistak kendu, edo beste modu batean esanda, betaurreko moreak jantzi behar ditu jendartearen genero desoreka azalerazteko. Bigarren jarrera kazetari lanean genero ikuspegia lantzea litzateke. Adibide batekin errazago ulertuko da. Errepideko istripuen %95aren eragileak gizonak dira. Kazetariak galde diezaioke bere buruari ea emaitza horretan gizarte eredu matxistak zerikusirik duen. Ez ote du gizonak bere “gizontasuna” erakusteko baliatzen autoa gidatzea? Ez ote dira lotzen “gizontasun”arekin abiadura, ausardia eta arriskua adibidez? Kazetariak izango luke non aztarrika egin. Hirugarren jarrera harago doa. Kazetariak konpromiso feminista erakutsiko luke.
Bi orduko saio emankorra izan zen. ARGIAko erredaktoreok kazetaritza ez sexista eta feminista egiten jarraitzeko indarberrituta atera ginen ikastarotik. Eskerrik asko, June!
1 Iruzkin
Eskerrik asko gonbiteagatik! Oso gustora egon nintzen, uste dut solasaldi aberasgarria izan genuela, nik ere asko ikasi nuen, nahiz eta askotan erantzunak baino, galdera eta zalantza berriak atera. Ekimen hori zuen konpromiso feministaren adierazle aparta da. Zorionak zuen inplikazioagatik. Besarkada handi bat eta laster arte!