‘Uraren arazoa Ezkerraldean’ ARGIAren bideoa Bruselako Legebiltzarrean eta Ekozinemaldian ikusgai

argia
0

Uraren kutsadura Ezkerraldean, konpondu gabeko arazoa, Trapagaraneko Oiola urtegiko kutsadurari buruz ARGIAk egindako bideo laburra, hara-hona ibiliko da asteon. Hasteko, Bruselan ikusiko dute, non eta Europako Legebiltzarrean. Oiolako Urtegiaren Deskonexioaren Aldeko Plataformak agerraldia egingo du Legebiltzarreko Eskaera Batzordean, eta urtegiko kutsadura arazoaren berri emateko erabiliko du bideoa, ingelesezko azpitituluekin. Bertsio hori ARGIA English kanalean ipini berri dugu.

Ekologistak Martxanek antolatutako Ekozinemaldian ere emango dute, jatorrizko bertsioan. Hamazazpi herritan izango da zinemaldia, eta horietako bostetan ikusi ahal izango da Uraren kutsadura Ezkerraldean: Artea, Segura, Leioa, Ataun eta Barakaldo. Hauek dira hitzorduak:

  • Artea: asteartea, martxoak 15. Kultur etxean, 20:00etan.
  • Segura: asteartea, martxoak 15. Kultur etxean, 19:00etan.
  • Leioa: asteazkena, martxoak 16. Udondoko Gaztetxean, 19:30ean.
  • Ataun: osteguna, martxoak 17. Kultur etxean, 19:00etan.
  • Barakaldo: ostirala, martxoak 18. Clara Campoamor kultur etxean, 19:30ean.

Oiolako urtegian lindanoak eragindako kutsaduraz dihardu ARGIAren bideoa. Harekin batera lindanoaren arazoa modu zabalagoan erakusten duen Discovering Lindane dokumentala emango dute Barakaldon, Leioan eta Seguran. Barakaldon Arturo Hortas dokumentaleko zuzendariak egingo du aurkezpentxoa.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA