Baratzearen mundua, umorea eta saltsa

argia
0

blogerakoBizi Baratzea, Altza Porru irudi eta komiki liburua aurkeztuko dugu Jakoba Errekondo eta zortzi marrazkilariren eskutik, ostegunean Hernanin.

Baratzearen sekretu guztiak deskubritu dizkigu Jakoba Errekondok Bizi Baratzea liburu arrakastatsuan. Lantzen dugun lurrarekiko ikuskera aldarazi digu gehienoi, eta beste askori jakin mina eta grina piztu. Orain, zaleak eta irakurleak itxaroten ari ziren bigarren lana kaleratuko du ARGIAk: Bizi Baratzea, Altza Porru.

Aurreko liburua bezala, hau ere mugarri izateko bokazioz erditu dugu, eta osagai nagusi bat izango du: umorea. Euskal Herrian aski ezagunak zaizkigun zortzi marrazkilari elkartu eta lanean jarri ditugu, Jakoba Errekondorekin eman eta hartuan: Antton Olariaga, Asisko, Unai Iturriaga, Ainara Azpiazu, “mattin” martiarena, Joseba Larratxe, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa.

altza porru3

Irudi eta komikien bidez, baratzea mundu askotarako atari izan daitekeela erakutsiko digute liburu honetan. Hitzekin jolas egin, zirikatu eta irribarrea sorrarazteko erraztasuna da, bestalde, liburuaren dohainetako bat: “Sortzen dituzten istorioak ongarritzeko erabiltzen dituzten hitzek eta pitzek txoratuta naukate”, aitortu du Jakoba Errekondok.

Ekainaren 16an, aurkezpen-festa umoretsua

 

Aurkezpen-festa ekainaren 16an izango da, Hernaniko Karabeleko ekonekazaritza etxaldean, 18:00etan. Bertan izango dira, besteak beste, komikigileak, marrazki ironikoekin kargaturik geziak botatzeko prest, eta Jakoba Errekondo bera.

Horrez gain, liburuaren atarikoa idatzi duen Maialen Lujanbiok eta Errekondoren profila egin duen Idoia Torregaraik ere hitz egingo dute ekitaldian.

altza_porru

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA