ARGIAren Barrenak
Ekonomia sozial eraldatzailea
by argia
  • Ekonomia sozial eraldatzailea

Ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko, Olatukoopeko kide egin da ARGIA

argia
2017-03-06
1

ARGIAko lantaldeak pozez jakinarazi nahi du ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko sortutako Olatukoop enpresa sareko kide egin garela.

Ekonomia sozial eraldatzailea deitzen diogu langileen parte hartzean oinarritutako ekonomiari. Irabazi ekonomikoak beharrean, erdigunean pertsonak kokatzen dituen eredua da, langileen jabetzan oinarrituta: langileak dira enpresaren jabe, eta langileak dira hartzen diren erabakien jabe, eta horretarako, boterea modu demokratikoan kudeatzen du erakundeak. Ekonomia sozialaren oinarri hauei “eraldatzaile” izena gehitzeak, lehen lerroan jartzen du gizartea eraldatzeko bokazioa.

ARGIAn 1980ko hamarkadaren hasieratik, enpresa langileen esku geratu zenetik filosofia horrekin lanean ari gara, ahal dugun neurrian pausoak emanez norabide horretan. Horrez gain, kazetaritzatik ere halako ekimenei ikusgarritasuna ematen saiatzen gara (besteak beste, Txanponaren beste aldeak atalean edo Ekonomia soziala kanalean webgunean).

Larunbatean egindako sakontze egunean aurkeztu genuen gure burua.

xolatukoop-logo_berria

Zer da Olatukoop?

Ekonomian eta ekintzailetza ekonomikoan modu eraldatzailean jarduten dugun enpresa, elkarte, erakunde eta kooperatibek osatzen dugu OlatuKoop sarea.

Kideen arteko elkartasuna, jendartearen ongizatea, eta gure jarduera ekonomikoak ondare komunari ekarpen bat egitea dira gure helburuak. Horregatik enpresa proiektuak komunitate bezala izendatzen ditugu, ohiko enpresak baino askoz gehiago baitira eredu honetan.

Euskal Herriak ekonomia sozial eta eraldatzailean oinarritutako olatu kooperatibo berri bat behar duela uste dugu. Horretarako, lehenik, Euskal Herrian izandako ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibismoaren memoria modu integralean berreskuratzea da gure asmoa. Horrekin batera, lanean modu aktibo eta banatuan jarduten duten ekimen ekonomiko eraldatzaileak eta kooperatibak bistaratu nahi ditugu.

Dagoeneko jardunean dauden proiektuez gain, ekonomia sozial eta eraldatzailearen oinarriekin bat datozen proiektu berriak landu eta sustatu nahi ditugu. Horretarako, beharrezkoa da orain arteko ekintzailetza ereduez gain, ekintzailetza eredu kooperatibo berri bat proposatzea eta hedatzen hastea.

OlatuKoop sarea irekia da, eta ez du kideei ziurtagiria emango dien egitura zentralizatzailerik izango. OlatuKoop Oinarri Irekiak bere egitean, enpresa proiektu/komunitate bakoitza sareko kide izatera pasatuko da. Oinarri horiek betetzen direla sareko beste kideek bermatuko dute, modu kolektiboan.

Benetako eraldaketa sozial eta ekonomikoa egungo botere harreman bidegabeak botere harreman parekideengatik ordezkatuz bakarrik lortuko dugula uste dugu. Etorkizun berri horiek ikertzen hasteko tresna ere bada OlatuKoop.

Informazio gehiago: Olatukoop.net

C6FGZ32XMAAaPQz

ARGIAko kide egin nahi baduzu, lotura honetan informazio guztia.

argiaekonomiaeraldatzaileaolatukoopsozial
1 Iruzkin
    ARGIAk ez du aldizkaria paperean inprimatuko aurrerantzean, inprentako langileen eta postarien osasuna babesteko | ARGIAren barrenak (e)k dio: Erantzun
    2020-03-18, 13:04

    […] antolaketaren horizontaltzea –soldatatik hasita– zuzendariaren figura ere kentzeraino, izan ekonomia sozial eraldatzailean agente aktibo gisa ematen ari garen pausoak, proiektu honetan lan egiten dugunon artean berdintasuna bermatzeko ematen […]

Utzi erantzuna Baztertu erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Energia burujabetzaren alde, Goiener-eko bazkide egin da ARGIA2017-02-09
Mozal Legearen aurkako bataila hau irabazi dugu2017-03-08
ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA