Mozal Legearen aurkako bataila hau irabazi dugu

argia
0
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco

Lehen ere esan genuen. Ez genuela uste, jaso genuen zigorrean iradokitzen zen bezala, inori “baimenik eskatu” behar genionik gure lana egiteko. Mozal Legea bidegabea dela diogu, problema legea dela eta ez kazetaritza, eta horregatik erabaki genuen isuna ez ordaintzea eta helegitea jartzea.

Bide hori hasi genuelako, esan dezakegu: Irabazi dugu! Datorren astelehenean egitekoa zen epaiketa bertan behera geratu da, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak atzera egitea erabaki duelako. Kontu formalak argudiatu dituzte horretarako, auzitegietan Mozal Legearen mamiaz eztabaidatu ez dadin.

Guk, ordea, mami horretaz hitz egin nahi dugu: esana genuen Mozal Legea injustua dela eta bereziki, kazetaritza askatasunez egiteko eskubidearen aurkakoa dela polizia grabatzeko eskubidea eragozten duen artikulua. Horrela salatu dugu guk eta salatu dute nazioarteko eragile ugarik, tartean, Espainiako Estatuko kazetari elkarte guztiek. Aplikatzen duten lehen kasua denez, honek balio dezala aurrekari garrantzitsu bezala.

Kazetariok eta herritar guztiok, poliziaren jardun publikoa grabatzeko eskubidea daukagu. Hori ere demokraziaren bermeetako bat da, eta indefentsio egoerak saihesten laguntzen du. Herritar denon eskubidea da, espazio publikoan funtzionario publikoek egindako lanaren berri ematea ezin da inola ere delitu izan. Mozal Legearekin eta beste hainbat idatzi gabeko praktikarekin, eskubide hori urratzen ari dira. Baina erakutsi dugu Mozal Legea eskura edukita ere, epaitegien aurrean atzera egin dutela. Ez gaitezen beraz, kazetariok izan, gure eskubideari uko egiten diogunak. Ez gaitezen autozentsuran erori.

Beste kazetari asko ere bizi dira Mozal Legearen mehatxupean. Legea norbanakoen kontra aplikatzen da, baina arazo kolektiboa da eta erantzuna denon artean eman behar dugu. Horrela jokatu genuen Axier Lopezek jasotako isunaren aurrean, eta etor daitezkeen hurrengo erasoetan ere elkar babestea izango da gakoa.

Eskerrak eman nahi dizkiogu babesa adierazi digun jende guztiari eta ARGIA-jendeari. Herritar hauek dira aurrera jarraitzeko hauspoa, edozein erasoren aurrean. Herritarrek, proiektu hau ekonomikoki sostengatuz, egiten dute posible kazetaritza independentea, gaurko gizartean hain beharrezkoa dena. Oraindik ez baduzu pausoa eman eta gogoz bazaude, hemen duzu sarbidea. Bota begiratua!

Ez da kasualitatea Espainiako Estatuan zigortutako lehen kazetaria Euskal Herriko hedabide bateko kidea izatea. Ez zaigu kasualitatea iruditzen euskaraz ari den profesional bat izatea, ezta medio independente batekoa ere. Horrek adierazten du euskarazko komunikabideok nolako funtzio publikoa betetzen dugun.

Azkenik, ez genuke aipatu gabe utzi nahi bide asko dagoela egiteko oraindik Mozal Legea bertan behera geratu arte, eta horretarako, ezinbestekoa dela erakunde publikoen inplikazioa. Hego Euskal Herriko bi Legebiltzarrek legea ez aplikatzeko konpromisoa sinatu zuten, baina konpromiso horrekin kontraesanean, lau herrialdeetan isunak jartzen ari dira lege hori erabiliz. Gizartearen gehiengoa lege honen aurka dago, baita parlamentuak ere. Zer gehiago behar da indar polizialek jarreraz aldatzeko, kontuan edukita erakunde demokratiko horien menpeko direla?

ARGIAko langileok emandako prentsaurrekoa. (Argazkia: Dani Blanco)
ARGIAko langileok emandako prentsaurrekoa. (Argazkia: Dani Blanco)
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA