ARGIA Eguneko goizeko egitarauan zita garrantzitsu bat izango duzu: Gasteiz borrokalari eta euskalduna ezagutzeko ibilbide gidatuak. Eman izena eta hartu parte kalea oroimenarentzat konkistatzeko operazioan.
Urriaren 7an laugarrenez ospatuko dugu ARGIA Eguna, oraingoan Gasteizen, herri-mugimenduen eta euskaltzaleen taupadaz bizi-bizi dagoen hiria. Bertako talde eta lagunekin prestatutako egitaraua zein den azaldu dizugu hemen. Ibilbide gidatuek emango diote hasiera egunari, Gasteizko historia beste ikuspegi batez ezagutzeko aukera apartak. Bi zutabe antolatu ditugu, biak Gaztetxe ondoko Etxauri plazatik irtengo dira (euria egingo balu Landatxotik).
Oroimenaren zutabea: OroiTour ibilaldia
10:30etan egingo du Zaramaga alderantz eta Martxoak 3 elkartearen Oroitour ibilaldia izango du ardatz. 1976ko sarraskiaren agertokiak ezagutuko ditugu elkarteko kideen eta audio-giden laguntzarekin: “Erabat ezberdina da gauzak gertatu ziren tokian azaltzea –dio Martxoak 3ko Lander Garciak–, pareko eraikin eta hormek beste zentzu bat hartzen dute orduan”. Ibilbide honen inguruan gehiago jakin nahi baduzu, irakurri aste honetako ARGIAn argitaratu dugun erreportajea.
Euskararen zutabea: Gasteiz Euskaldunaren ibilbidea
GEU euskara elkartearen eskutik dator, eta kasu honetan 11:00etan irtengo da. Alde Zaharrean barrena, euskarak hirian duen garrantziaz jabetuko gara ARGIA Egunean euren testigantza emateko bereziki bilduko diren hainbat lagunen ahotik. Erreportaje honetan duzu ibilbideari buruzko informazio gehiago.
Eman izena aldez aurretik
Ibilbideetan parte hartzeko komeni da aldez aurretik izena ematea (OroiTourren kasuan plaza mugatuak dira). E-postaz komunitatea@argia.eus helbidera idatz dezakezu eta telefonoz 943371545 zenbakira deitu.
2 Iruzkin
[…] Martxoak 3 elkartearen eskutik, OroiTour memoriaren bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango baita. Parte hartzaile kopurua mugatua da, hori bai; erne […]
[…] Frankismoaren krimenak desitxuratzeko “estatu estrategiaren” aurrean. Urriaren 7ko Argia Egunean ezagutu ahal izango dituzu kaleari konkistaturiko memoriaren […]