[Itsaso Zubiria Etxeberria]
Spinning, aero zumba, aqua gym, total training eta horrelako ikastaroak antolatuz arrakasta ziurtatuta duzun garai hauetan, geratzen da oraindik ere sistema neoliberalari arrakalak irekitzeko esperantza duen zororen bat. Gorputzari kultua egin beharrean Ekonomia Sozial eta Eraldatzaileari egiten diote, burujabetzari, eta beheko indar txikien metaketari. Ikastaroak antolatu dituzte Robles-Arangiz fundazioak eta UNED-Bergarak elkarlanean, eta kiroldegitik atera ezinda dabilenaren harridurarako, arrakasta izan dute. ARGIA ere izan da bertan, bere esperientzia kontatzeko.
Nola egin aurre barru-barruraino sartuta dugun neoliberalismoari, geroz eta erabaki gehiago kapitalaren esku gelditzen ari direnean? Zer egin dezake herri batek, komunitate batek horrelako egoera baten aurrean? Zer dago, benetan, gure esku?
Robles-Arangiz fundazioko Unai Oñederrak honela azaldu digu: “Gauzak aldatu nahi ditugunok, behetik indarra metatzen joateko garaiak dira. Emaitza zehatzek, garaipen txikiek, indarra metatzen laguntzen dute bai sindikalismoan, enpresa eta lan zentroko hitzarmenen bidez, bai eta arlo sozioekonomiko eta politikoan alternatiba txikien bidez. Burujabetzak lortzeko –lanean, finantzetan, zaintzan, elikaduran, energian, teknologian… bizitzan oro har– komunitatearen beharrei komunitarioki erantzuten joatea da gakoa, modu kolektiboan, demokratikoan, aniztasuna barneratuz eta elkartasunean oinarrituz; bizitza erdigunean jarrita. Eta hori guztia Euskal Herriaren burujabetza proiektuarekin lotu nahi izan dugu”.
Ekainaren 21 eta 22an Gasteizko Arte eta Letren Fakultatean antolatutako hitzaldietan modu teorikoan landu dituzte aipatu puntu potolo horiek, baina Euskal Herrian dagoeneko puntu horiek praktikan jartzen ahalegintzen ari denik badago, eta bertara gonbidatu dituzte arlo desberdinetako esperientziak azaltzera. Bertan izan dira Bilgune Feministako kideak, Iruñeko Katakrakekoak, XES Herrialde Katalanetako ESE sareko lagunak, REAS Euskadikoak edo Olatukoopeko kideak eta ARGIA, besteren artean.