[Koldo Izagirre] Arria II.ak, Mindegiak eta Arria III.ak ordezkatu gintuzten Australia, Amerikako Estatu Batuak eta Kanadaren aurka aizkoran. Eta alde handiz utzi genuen atzean anglofonoen triunbiratua. Estatubatuarrek, gainera, bertan behera utzi zuten lana, amaitu ezinik.
Euskaldunok txapeldun aizkoran ere, garaile izatea baitzen gure patua.
Aurreko igandean jokatu zen aizkora txapelketa honetan oinarritu bide zen Antton Olariaga portada egiteko: enborra, aizkora. Laster “ospatzekoa” zen Espainiako Erresumaren Konstituzioari agurra, adioa edo ezikusia egiteko Erreferendumak jarritako puntua zen botokutxa.
Horrela esanda, erraza dirudi ideiatik irudirakoak.
Enborra zutik dago ordea, Lluis Llachen L’Estaca baino zatiaz irmoago. Eta haren gainean botokutxa. Aizkoradunak, bestalde, ez dirudi aizkolaria, izan liteke gau eskolako irakaslea, metalgintzako sindikalista edo aldian behingo kolaboratzailea Zeruko Argian, euskaldun korriente-kontziente bat. Osagarriak bere gisara antolatu ditu artistak, horrek ematen dio kategoria. Botokutxa hutsa dago, geuk bete behar genuke, ados, demokrazia frankista onetsiz edo ukatuz.
Enbor irmo bat. Aizkora. Gure patua garaile izatea baitzen… edo ez izatea.