Zaintzen gaituen kazetaritza

argia
0
Ondo informatuta egotea hain garrantzitsua den sasoi trumoitsu hauetan, alboan izango gaituzu, zaintzeko gaude (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

COVID-19ak areagotutako krisiaren erdigunean zaintzaileen kontzientzia soziala askoz nabarmenago ikusi dela ohartarazi digu Make Davis historialariak. Pandemiak zaintzaren krisia azalerazi du: osasun langileei arratsaldero txalo zaparrada eskaintzen diegu; haurrei etxean eskolak ematen saiatzen dira guraso eta irakasleak; adinekoak laguntzeko sareak sortu dituzte herritarrek nonahi; baserritarrek euren jakiekin elikatu gaituzte momentu zail hauetan, hornikuntza sareetan dabiltzan guztiei esker; egoitzetan, etxeetan eta saltokietan dabiltzan langileekin orain akordatu gara… Ikasi dugu arlo guztietan dela zaintzaren ongarria beharrezko. Kazetaritzan ere bai, eta esku artera iritsi zaizun ARGIAren paperezko datorren zenbakia da horren erakusgarri.

Martxoaren 18an iragarri genuen ez genuela aldizkaria paperean argitaratuko, inprimategiko langileen eta postarien osasuna babestearren; gure ideiekin kontsekuente izan nahi genuen, inoren bizitza arriskuan jarri gabe. Baina hainbat astetako hutsunearen ondoren, berriz gatoz zure etxeko postontzira. Antzako lagunen eta produkzio-kateko langileen segurtasuna –gure esku dagoen neurrian behinik behin– bermatuta dagoela ziur gaudelako hartu dugu erabakia. Eta babesten gaituen komunitateari (ARGIAko kideak, iragarleak…) ahalegin hori zor diogulako ere bai.

OlatuKoopek plazaratutako dekalogoarekin bat gatoz: elkartasunetik eta konfiantzatik abiatuta, norberaren erritmo eta beharrak errespetatzea ezinbestekoa da, pertsonak bere osotasunean ulertuko baditugu. Hortaz, zaintza lehen lerroan jarri dugu, eta horri begirik kendu gabe hartuko ditugu erabakiak aurrerantzean, direnak direla ere.

Ataka estu bakoitzetik indarberrituta atera izan da ARGIA. Hala ekin zion frankismoan, euskaltzaleen borrokarako tresna bihurtuta; baita 80ko hamarkadan ere, langileak komunikazio proiektuaren jabe eginik. Oraingoan gauza bera ari da gertatzen zuen laguntzaz: paperezko astekaria kaleratu ez dugun denbora tarte honetan, hedabide digital bezala urrats garrantzitsuak eman ditugu etxetik lan eginez –gure buruen eta ingurukoen eguneroko arreta bazterrean utzi gabe–.

Webgunea etengabe ari gara elikatzen goizetik gauera, lehen aldiz astean zazpi egunez jarraian. Koronabirusak ekarritako guztiak aztertu ditugu: shockak sorturiko gorabeherak, datuak, baita jendeak egoera horri emandako erantzun sozial ere. Nola izango da COVID-19 osteko gure mundua? Hori da askok egin ohi duen galdera. Biharamun horri erreparatzen saiatu gara analisi sakonak gurera ekarrita. Koronabirusaren azken ordukoaz buletin espezifikoak sortu ditugu sare sozialetan zabaltzeko eta, irri egitea denez txertorik osasuntsuena, igandero Oasiko Kronikak irratsaioa jarri dugu martxan, eztenkada umoretsuz beteta.

Koronabirusaz kaleratu berri dugun zenbaki berezi eta monografikoan, lan horren zati bat besterik ez duzu aurkituko, tamalez aukeraketa bat egin behar izan baitugu. Eduki mamitsu eta interesgarrienak eskaintzen saiatu gara eta diseinuari ere indar berezia jarri diogu, garai historiko hauetan ARGIAren itzulerak aparteko zenbaki bat egiteko esfortzua merezi zuela uste baikenuen. Irakurleak estimatuko duelakoan gaude.

 

 

Baina aurrera begira zer egingo dugu? Ekonomiak kolpe gogorra jasango duela diote hedabide handiek, BPGren jaitsiera iragartzen dute gorriz, krisia lauhazka datorrela guregana… Krisia? Bankuek herritarroi milaka milioi euro zor dizkigute 2008ko hondoratzetik; fortuna handiek eta multinazionalek paradisu fiskaletan ezkutatzen dute denon dirua; eta auskalo zenbat den inbertsio funts-putreek jendarteari odolustutakoa. Ivan Miró ekonomia eraldatzailean adituak esan duen bezala, hori guztia gastatzean akaso has gaitezke krisiaz hitz egiten.

Kazetaritza kooperatiboa egiten dugun hedabideok aspaldi ikasi genuen krisiarekin bizitzen, lehiatik at, egokitzeko eta auzolanerako gaitasunak batzen gaitu. ARGIAk, gainera, bidelagun ditu Ametzagaiña Taldeko beste enpresa komunitarioak (Antza, Adur eta Iametza). Elkarren arteko laguntza inoiz baino beharrezkoagoa den uneotan, arduraz eta konpromisoz luzatuko diegu eskua zailtasunetan direnei, taldeko lau enpresen etorkizuna bermatzeko helburuz.

Ohar hau iritsi bazaizu, etxe honen habeak mantentzen dituen ARGIAko kidea zara edo harremana izan duzu gurekin inoiz. Baina oraingoan ez gatoz ezer eskatzera, eskaintzera baizik.

Agian aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak erasanda dagoen milaka horietako bat zara, edo prekarioan ari dena; igual autonomo kuota ordaindu ezinik zabiltza, edo zure saltoki txikiko alokairurako adina ez daukazu. Horren aurrean, guk garbi dugu: inork ez luke informazio independente eta kritikorik gabe geratu behar, are gutxiago herritarrok sortu ez dugun krisi honen erruz. Ez dadila inor ARGIArik gabe geratu. Gure harpidetza sistema berritzaileak norberak ahal duena eman eta egoki iruditzen zaiona jasotzeko aukera ematen du. Beraz, behar baduzu, hartu telefonoa edo teklatua eta eskatu laguntza. Ondo informatuta egotea hain garrantzitsua den sasoi trumoitsu hauetan, alboan izango gaituzu, zaintzeko gaude.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA