[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bazen garaia. Eta nahi baino beranduago heldu bada ere, heldu da Ipar Euskal Herriko ARGIAren banaketa hobetu nahi duen sistema bat –aurretik ere egin izan dira saiakerak–. Gure herria zatitzen duen muga administratiboak zailtasun batzuk dakartza ditu aldizkariaren banaketa kudeatzerako garaian, hasteko, banaketa enpresa desberdinekin egin behar baita tratua. Eta interesak, lan egiteko moduak eta tratuak ez dira berdinak, noski.
Hego Euskal Herrian ere nahikoa arazo izaten da Correos enpresarekin, ez baitu beti bermatzen aldizkaria garaiz iritsiko denik. Beraz, alternatibak sortzen hasiak gara azken aldian. Bi urte daramatzagu zenbait auzo, herri eta hiritan astekaria bizikletaz banatzen, kooperatiba eraldatzaileekin elkarlanean –honen inguruko informazio zehatzagoa nahi baduzu, ikus ditzakezu 2021eko maiatzean astekarian eta ikus-entzunezko formatuan argitaratu genuen erreportajea–. Eta orain heldu da Ipar Euskal Herriko gure komunitatearentzat hobekuntza nabarmena ekarriko duen aldaketa: egun edo asteak beranduago ailegatzetik, astekaria jasotzen lehenak izango dira.
Makina bat itzuli eginak izango dira aldizkariok –zenbaitetan Madril edo Pariseraino– ARGIAko kideen eskuetara iritsi aitzin. Etxe ondoan egindako produktu bat haraino eraman, berriz ere bueltan bidaltzeko. Ez dauka zentzu handirik ez ekonomikoki, ezta ekologikoki ere, ez uste?
Zatiketa horren ondorioz iraganean ere ipar euskal herritarrek jasan behar izan dituzte beste kalte batzuk. Adibidez, aldizkaria gehiago ordaindu behar izatea posta zerbitzuak garestiagoak direlako. Badira urte batzuk ARGIAk erabaki zuela kostu hori bere egitea, bizilekuaren araberako diskriminaziorik egon ez zedin gure komunitateko kideen artean, izan Atharratzekoa, Zangozakoa edo Trebiñukoa.
Duela aste batzuk, ordea, banaketa-sistema berria jarri dugu martxan: aldizkariak zuzenean La Postek Mugerren duen sailkapen eta banaketa zentro nagusira eraman eta handik egunean bertan banatzen dira Ipar Euskal Herriko ARGIAren lagunen etxeetara.
Irabazi beharreko beste borroka batzuk ere badira, helbideak euskara hutsean jartzea kasu –lanean ari gara hori ere lortzeko–; baina uste dugu garaia zela zerbitzu hobeago bat eskaintzen hasteko, Iparraldeko ARGIAren komunitateak ematen digun babesa eskertzeaz gainera. Espero dugu aldea nabarituko dutela hemendik aurrera.