Morse, telegrama eta mugikorrak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Teknologia berriek eraman naute zaharrak nola funtzionatzen zuen errepasatzera, irakurle. Azalduko dizut: jaso dut proposamena ARGIAren Telegram kanalaz idazteko artikulua, hori da sokaren muturra; WhatsApp-era eraman nau nire neuronen lehen txispak; horrek hegoaldean (beraz, Espainian) behintzat hain ezagun egin zen whastaaaap iragarkira (Frantzian ere bai?); hortik Telegram izena nondik etorriko den pentsatzera; eta iritsi naiz Wikipedian telegrama eta telegrafo hitzak sartu eta Morse sistema ulertzeraino. Polita izan da bidaia, baina artikulua entregatu beharrak itzuli nau errealitatera.

4.000 jarraitzaileren langara iristear da ARGIA Telegramen. Helburua, komunikatzea. Mugimendua geroz eta handiagoa da sare sozial honetan, gehiago, azken aldian telefono berdearen segurtasun eta pribatutasun falta bolo-bolo dabilenean. Ez da artikulu honen helburua orain Telegram loratzea. Zentsura ere heldu da tresna horretara, 2022an RT eta Sputnik hedabideen kanala blokeatu baitzituzten, Ukrainako gerra tarteko. Baina beste batzuen ondoan segurtasun eta pribatutasunaren aldetik aukera gehiago eskaintzen ditu, kanal publikoak sortzeko bide ematen du eta onena, guk zabaldutako informazioa zuzenean iristen da jarraitzaileengana.

Jendea non, ARGIA han

Multinazional eta enpresa handien esku dauden tresnetan, batez ere sare sozialetan, beraien nahieran aukeratutako algoritmoen arabera agertzen zaigu informazioa eta haiek ezarritako arauetan jokatu behar dugu partida. “Jendea hor dabil eta gure helburua izanik jendea dagoen tokietan eragiten saiatzea, gure kontraesan guztiekin hor gaude”, azaldu digu Axi Lopez ARGIAko kazetariak. “Dena den, garbi dugu garai hauetan garrantzitsuena hedabideok gure tresna propioak sortzea dela, informazioa eta tresnak guk geuk kudeatu eta moldatzea”, azpimarratu du eta segi “baina berriz diot, jendea hor dago eta gu, gure kontraesanekin, hor gaude”.

Baina partidako fitxak, estrategiak, taktikak eta teknikak ezagututa hor dabilenari zer esan? ARGIAk baduela Telegramen kanal bat egunean zeharreko gertakariak motz-motzean jaso eta zuzenean gure mugikorretara zabaltzen dituena, ez dena oso inbasiboa eta tresna polita dena azken orduko gertakarien, eguneko albisteen, multimediako edukien eta abarren berri izateko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA