Plazara, euskara plazara!

argia
0
Argazkia: Dani Blanco / ARGIA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ziburun hasi zen dena. Ez Maurice Ravelen boleroa bakarrik. Atsegin ditut kointzidentziak, tokatzen zaizkit ondoan eta ez dakit bilatu egiten ditudalako edo erakarri egiten ditudalako; baina aste honetan ere badut polita.

Doinuele euskara hutsezko plazen sarea aurkeztu dutela eta, horren berri emateko proposamena jaso dut. Galdezka hasita, ARGIAk Ziburuko Baltsan elkartearekin antolatzen duen euskarazko liburu eta disko azokaren bueltan piztu omen zen ideia. Eta hara, horri bueltaka nabilela, non agertzen zaidan astearte iluntzean Oroimen histerikoa podkastaren saio berria, Ziburun hasi zen dena izenburupean. Ez al da polita, irakurle?

Martxoaren 15ean aurkeztu dute, esan bezala, euskara hutsezko plazen sarea. Badira Euskal Herrian hizkuntza oinarri eta helburu hartuta euskara hutsezko liburu eta diskoen azokak antolatzen dituzten herriak. Ez azokak bakarrik, (H)ilbeltza bezalako euskarazko nobela beltzaren astea ere bai. Hortik sarea “plaza” izaerarekin lotu izana eta ez “azoka”-rekin.
Sarea osatu nahi izan dute indarrak batzeko, elkar sostengatzeko, elkarren berri izateko, ideiak eta esperientziak trukatzeko eta, nola ez, egutegia adosteko. Helburu zehatzak, txikiak, baina bide bat egiten lagunduko dutenak, lan-karga handiegirik suposatu gabe.

Bakoitzak beretik, koordinatuta

Hernani, Lazkao, Ziburu, Baztan, Galdakao, Azkoitia, Sara eta Zarautz. Horiek dira oraingoz sarea osatzen dutenak, baina oso posible da beste lekuren batean ere antzeko ekimenen bat antolatzen ibiltzea eta atea zabalik dutela adierazi dute aurkezpenean.

Bakoitzak beretik egingo du lan, hautua bera: euskara hutsezko azokak eta plazak antolatzea euskal literatura eta musikagintza sustatzeko. Hemendik aurrera egitarau bakoitzaren kartelean norberaren logoaz gain, Doinuelerena ere jarriko dute, independenteki baina Euskal Herri mailan modu koordinatuan lanean ari diren seinale.

“Itzaletik ikusgarritasunera ekarri nahi ditugu plazak, urtean zehar euskal irakurle eta musika zaleari ibilbide bat proposatuz Euskal Herrian barna, euskara hutsez egiten diren ekimenak isolatuak ez direla erakutsi eta elkarri josiz haiek indartzeko”, adierazi dute aurkezpenean, sarea indartzeko elkarrekin bazkaltzera joan aurretik –ekipoa Euskal Herrian behintzat beti egin izan da hobeto jan-edanaren bueltan, ezin uka–.

Osagaiak ez dira txarrak: nahikoa bide badago lanerako, eta lanerako gogoa duen jendea ere bai.

Non eta noiz dira Doinuele sarearen aurtengo zitak?

  • Urtarrilean iragan zen Baztanen (H)ilbeltza, (H)ilbeltza elkarteak antolatuta.
  • Martxoaren 24 eta 25ean Azkoitian Geure Gelatik; Maxixatzenek antolatuta.
  • Apirilaren 27tik 30era Galdakaon, Sormene, udaleko euskara zerbitzuak antolatuta herriko liburudendekin batera.
  • Maiatzaren 5etik 7ra Zarautzen Literaturia, Literaturia elkarteak antolatuta.
  • Ekainaren 3an Ziburun, Baltsan elkarteak eta Argia komunikabideak antolatuta.
  • Irailaren 30ean Hernanin, Dobera euskara elkarteak antolatuta.
  • Urriaren 20an eta 21ean Saran Ikusi Mikusi, Kiribil, Pamiela, Galtzagorri, Euskokultur eta Denon Artean-ek antolatuta.
  • Abenduaren 15etik 17ra Lazkaon, Gerriko elkarteak antolatuta.
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA