[Itsaso Zubiria Etxeberria] Dena ondo joan da Gasteizko IKA euskaltegian, jolasten hasi diren arte. Otsailean Eñaut Aiartzaguena gonbidatu dute ARGIAk argitaratutako Data zarta jokoa aurkeztera, eta berak azaldu dit: “Hasieran, historia aipatuta, jendeak atzera egiten du, eta ikasle hauekin ere berdina gertatu da; azalpen teorikoan lasaia izan da giroa, baina behin historia-lerroa osatzen hasitakoan, berotzen joan da panorama”.
30 bat lagun elkartu dira, ikasle eta irakasle, Aiartzaguenaren aurkezpenean. Goi urratsetakoak dira denak, nahiz eta behin jolasa ezagututa, beheko urratsetako ikasleentzat ere egokitu duten jokoa zenbait irakaslek. Hala adierazi digu Joxe Lazkano IKAko irakasleak. “Ahalegintzen gara argitaratzen diren euskarazko jokoak ikasgeletara ekarri eta saio bereziak egiten, ikasleei baliabideak eskaintzeko asmoz”, esan digu. Azalpen teorikoan materiala erakutsi die Aiartzaguenak, hitz egin dute jolasaren sortze-prozesuaz, gaien eta gertaeren aukeraketaz, kartek atzean duten informazioaz… eta “nik ez dakit ezer historiaz” bezalako konplexuak oraindik erantzi gabe, hasi dira lehen denbora-lerroa osatzen. “Lehen konplizitateak ikusi ditut hemen, ondokoaren laguntzak etab.”, kontatu digu irribarre batekin jokoaren ilustrazioak ondu dituen Aiartzaguenak.
Bederatzi jolas-proposamen eskaintzen ditu kaxak, eta horietako bati heldu diote: ‘Bota erronka’ jolasari. Joko-arau batzuk proposatzen badira ere, taldeak jar ditzake bereak jokoari ekin aurretik. Hala egin dute Gasteizen. “Eta hemen bai, hemen hasi dira aliantzak, kafe baten truke egindako mesedeak eta traizioak”, azaldu du Aiartzaguenak, algaraka. “Saio ederra izan da”, aitortu du Lazkanok; “jendea gustura egon da, ikasleen arteko pikea ere polita izan da…”.
“Joko bat erakusteko modurik onena jolas egitea da eta hori egiten dugu horrelako aurkezpenetan”, dio Aiartzaguenak. 10 urtetik gorako edonorentzat jostagarri, geroz eta karta gehiago mahai gainean orduan eta konplexuagoa denbora-lerroa, DBHn historia ikasteko modu dibertigarria, familian bazkalostean ateratzeko mundiala…
Gozamenetik errazago ikasten baita, bai historia eta bai euskara.