‘Oroimenaren txangoa’, Argia Egunean

argia
0

31_01

Ondarroatik Saturraranera joan-etorrian, lehen eskutik ezagutuko ditugu 1936ko Gerrako hainbat pasarte harrigarriren agertokiak, Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideen laguntzarekin.

Urriaren 1aren ingurumarian beteko dira 80 urte Molaren tropak Ondarroan sartu zirela. Efemeridea aprobetxatuz Argia Egunean Oroimenaren txangoa antolatu dugu, emakume kartzela izandako Saturraranera ibilaldi gidatua izango da, 1936ko Gerrako kontuak bertatik bertara ezagutzeko.

Goizeko 10:00etan abiatuko gara Itsasaurre plazatik eta kostaldeko paseoan barrena iritsiko gara Saturraranera. Tartean hainbat geldialdi egingo ditugu, Ondarroako Historia Zaleak elkarteko lagunen testigantzak eta azalpenak entzuteko. Ibilaldi laburra da (2,5 km), denentzako modukoa eta oztoporik gabea, eta gehienez ere 12:00etarako bueltan izango gara bueltan. 

oroimenaren_txangoa_mapa

Gerra zibileko historia ezezagunenetako baten berri izango dugu: nola eraman zuten urrea txalupetan Ondarroatik Baionara, gudarientzako armak erosteko. Operazio hari esker mantendu ahal izan zuen frontea Jose Antonio Agirreren gobernuak. Ondarroan zutik geratutako zubi bakarrenetako baten ezaugarri bitxiak ere ikusiko ditugu eta frankistek kartzela bihurtutako Saturraranen emakume presoek eta haien haurrek jasandakoa gogoratuko dugu beste behin.

Untitled-5

1937ko otsailean Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat herritatik  ehunka emakume eta haur kanporatu zituen erregimen frankistak, haien senideak “etsaiaren zelaigunean” zeudelako. Ondarroatik 148 lagun bidali zituzten, Lekeitiorako doan errepidean frontea gurutzatu zezaten; haien lorratzari ere segituko diogu txango honetan.

Beraz, badakizu, ez galdu aukera duela 80 urteko basakeriek egindako ebakiak oroimenaren hariaz josteko, puntadaz puntada.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA