[Estitxu Eizagirre Kerejeta] Kultura lana da. Profesionalizazioa hizpide mahai-inguruan aritu dira Danele Sarriugarte idazlea, Maite Mutuberria ilustratzailea eta Jurgi Ekiza musikaria abenduaren 7an Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan, Gorka Bereziartuak planteatutako gaiak harilkatuz.
Mahai-inguru osoa ikusgai dago Hamaika telebistaren emanaldi honetan:
Hemen mahai-inguruaren laburpena (beltzean Gorka Bereziartuak luzatutako galderak):
Kultura lana dela aldarrikatu beharrik sentitzen duzue?
DANELE SARRIUGARTE: Lanari buruzko ikuspegia oso mugatua da eta kanpo geratzen dira jarduera asko. Adibidez, zaintza lanak edo kultur sormen lanak. Kultur sormena zaila da ordutegietan kabitzen, sormen lanerako hobe da ez ikusgarri egotea… eta aldiz, saiatzen gara gizartearen lan ereduan sartzen kultur sormena lan modura ikusarazteko, gure moldera egin gabeko trajean sartu nahiko bagenu bezala.
JURGI EKIZA: Kulturgile batzuek lortzen dute profesionalizatzea, baina garrantzitsua da profesionala ez den kulturgile multzoa ere izatea, parte bat amateurra mantentzea. Esaterako, dantzaren munduan gero eta profesionaltasun handiagoa eta gero eta maila handiagoko emanaldiak badira, baina dantza ez dira antzokiko emanaldiak bakarrik, baita ere jendeak dantza egitea, praktikatzea. Musikarekin berdin, garrantzitsua da jendeak tresnak jotzen ikastea. Gure kulturaren berezitasuna da parte-hartzailea izatea. Ados nago Sarriugartek lan arautuan sartzeko planteatu dituen zailtasunekin: nola neurtu zenbat lanordu pasatu dituzun zerbait sortzeko eta beraz, nola fakturatu hori?
MAITE MUTUBERRIA: Nire aukera izan da honetaz bizitzea eta aldarrikatu behar dut lan bat dela. Askok ez du ulertzen ilustrazioa nire ogibidea denik, iruditzen zaie aisialdian egiten dudala. Gure gizartean lana ulertzen da diru-ordainari lotua denean soilik, eta beraz, lan asko hortik kanpo geratzen dira.
D. SARRIUGARTE: Zure barrenak sormen lan horretan jarri behar badituzu, denbora eskaini behar diozu, eta beste lan batean ari bazara, ezin. Baita ere eskatzen du sormen hori elikatzea, besteek egiten duten lana ere ezagutzea… batzuetan imaginazioa lantzeko buelta bat ematera joaten zara, lagunekin hitz egiten duzu… ez da ordutegi batekin ongi egokitzen den lana. Horregatik kostatzen zaie ulertzea lanean ari naizela, baita nire gurasoei ere. Dirurik eskatzen ez diedalako ondorioztatuko dute lana badudala, baina esaten didate: “Ari zara? Batzuetan ikusten zaitugu ordenagailuaren aurrean…”
J. EKIZA: Fakturatzeko neurtzen bada denbora dena, sormenari akats espazioa kentzen zaio, denak balio behar du: 12 ordu pasatu badituzu hitzak idazten baina ez bazaizu emaitza gustatzen, behar duzu botatzeko aukera izan. Bestela, badirudi orduak sartuz gero emaitza bat behar duzula beti, eta adibidez horrela sartzen gara musika taldeak, bi urtean behin disko bat atera “behar” izatera.
Erregulazio zehatzago baten beharrik bada? erraztuko luke zuen lana?
D. SARRIUGARTE: Autonomoen kuota gutxitzea ederra litzateke, hilean 290 euro baitira. Autonomoena Espainiako lege bat da, eta epigrafearen arabera, lan batzuk agertzen dira eta besteak ez, beraz, non izena ematen duzun baldintzatzen ditu zure lan baldintzak. Eta horrek guztiak zerikusia du lurraldetasunarekin: esaterako, bertsolaritza non kokatu? Hemengo autonomoen kasuan, batzutan ez daude bertako kultur jarduerekin bat datozen epigrafeak.
M. MUTUBERRIA: Autonomoen kuota hilero ordaindu behar izateak dakar hileroko erritmoari eutsi beharra. Horregatik, tartea eskaini behar diot etekin ekonomikoa ematen didaten lanei eta gero egunero ordu batzuk atera nire sormena lantzeari, esperimentatzeari, noizbait agian etekin ekonomikoa aterako diodan horri. Gure alorrean gertatzen dena da askotan ez dagoela gaitasun ekonomikorik gure lana duin ordaintzeko, eta dudak sortzen dira: badu zentzurik enkargu hau egiteak? Atera dezakegu liburu hau ilustrazio hauekin?
J. EKIZA: Frantziako estatuan produkzio batek ekoizten du zure ikuskaria, hori eskaintzeko langileak behar ditu eta kontratatzen zaitu zure produktora horrek. Emanaldi kopuru bat eginez gero, lanik gabeko hilabeteetan baduzu langabezia kobratzeko eskubidea. Baina lan baldintza guztiak errespetatu behar dira emanaldiak egiterakoan, beraz, gutxieneko kopurua baino gutxiako ezin duzu kobratu, hori hartzen baita beltzean ariko bazina bezala, eta multatzen ahal zaituzte. Beraz, ez da posible gutxieneko lansaria baino gutxiago kobratuz emanaldi bat eskaintzea eta horrek zailtzen du behar besteko emanaldi kopurua egin ahal izatea.
D. SARRIUGARTE: Oinarrizko errenta unibertsalik balego errazago litzateke guztia.
Kultur arloko “patronala” ere figura difusoa da. Nahiko nuke patronalarekin izandako esperientziak kontatzea, izan onak edo ez hain onak…
M. MUTUBERRIA: Liburu bat egiteko proposamena iritsi zitzaidan eta planteatu zidaten ordainketa modua zen 100 liburu emango zizkidatela. Ez nuen liburu hori egin, baina liburu hori atera zen. Etxera iturgina badatorkit zerbait konpontzera ez diot proposatuko urarekin ordaintzea…
J. EKIZA: Diskoetxe batek eskaini zizkigun 1.000 euro grabazio denbora ordaintzeko eta gero diskoetxea egingo zen grabazio horrekin diskoa ekoizteko gastuen kargu. Grabatu genuen, eta dirua beharrean 200 disko eman zizkigun, 5 euroan salduz gero mila euro lortzeko. Bada beste kontu bat ere, egun denak balio duela promoziorako: esaterako, halako dendan egongo da zure diskoa salgai, irabazi marjina txikia edukiko duzu baina balioko dizu promoziorako. Edo jaialdi handi batean joko duzu, ez dizute ordainduko, baina promoziorako aukera oso ona izango omen da. Nekazaritzan azken urteetan egiten ari direna da niretzako eredu, bertako produktuak ekoiztetik jatera arte nekazariak zaintzen ditu, eta berdin egin behar dugu kulturan: ez da posible hainbeste bitartekari egotea eta hainbeste promozio.
D. SARRIUGARTE: Literatur liburuak ez dira nire diru-iturri finkoak, beraz, ez naiz baldintzez arduratu bi argitalpen horien kasuan. Baina uste dut ari direla lana egiten kontratuen inguruan, eta hori ongi dator, bada zer aztertua: ez dugu literatura egiten autonomo kuota ordaintzeko, baina kontratuetako ehunekoak, eta egileak eramaten duen zatia eta hori guztia bateratzea ongi letorke.
Instituzioetako diru-laguntzak zertan dira kultur sortzaileari bizirauten laguntzeko?
M. MUTUBERRIA: Nafarroan badaude ikasketetarako eta sortzeko diru-laguntzak. Baina guztiak gastuak ordaintzera bideratutakoak dira. Hau da, aurrekontuan sartu behar dituzu garraioa, materiala… baina inoiz ere ez zure lan-orduak. Etxepare saria ezberdina da, horrek emandako dirua ez da justifikatu behar, baina arriskatzea eskatzen du, zeren lana eginda entregatu behar duzu, eta irabaziz gero oso ongi, baina irabazten ez baduzu ere dagoeneko lana egina duzu. Beharrezko ikusten epe baterako dedikazioa bermatuko duten diru-laguntzak.
D. SARRIUGARTE: Niri Elkar beka eman zidaten eta horrela atera nuen lehen liburua. Horretarako proiektu bat aurkeztu behar duzu eta ondoren epe jakin batean argitaratu. Faltan nabari dut, adibidez, egonaldi bat eskaintzea etxe batean, alor anitzetako artistak bilduko dituena… egunero sormenerako ordu batzuk hartzen badituzu tira, baina normalean sortzeko hartzen dituzu egun batzuk Gabonetan, edo udan, edo impasse egoeretan, eta horrela ezin da lan konstanterik egin.
J. EKIZA: Frantziako estatuan badira laguntza sistema asko, baina gero eta efekto kontrario handiagoa egiten du, batetik, profesionalizazioari lotua dagoelako eta beraz ezin duelako hastapenean den jendeak parte hartu. Eta bestetik, produkzioa diru-laguntzen araberakoa izatea eragiten duelako, “aurten lagunduko dituzte halako gairi buruzko ikuskizunak” eta horiek sortzen dira… Hastapenean dira zailtasunak, diru-laguntzak jasotzera iristen zaren arte.
Nola bizi duzue epeen gaia?
M. MUTUBERRIA: Publizitatean hasi nintzen, eta hainbeste ohitu nintzen epeekin lan egitera… epe oso motzak ez dira onak, baina epe luzeek laguntzen didate proiektuari muga jartzen eta helburu bat izaten.
D. SARRIUGARTE: Urtebeteko epea estutxo iruditzen zait. Baina ados nago Mutuberriarekin.
Kultur sormena oso indibidualizatutako lan esparrua da, baina ikusten dugu azken aldian kolektiboan funtzionatzeko esperientziak badirela. Kontatu bakoitzarenak…
D. SARRIUGARTE: Duela urtebete hasi nintzen lanean Kabiene elkargunean (Usurbilen dago). Niretzat onerako oso aldaketa handia izan da, coworking kontzeptua ezaguna da [bulegoa partekatzea], baina gurea berezia da: elkarte moduan funtzionatzen dugu. 15 lagun gara, gehienok autonomo kuota ordaintzen dugu, eta denon artean bulegoaren gastuak partekatzen ditugu. Etxean lan egiten dugunok baditugu bizitza eta lana banatzeko zailtasunak, sentsazioa izaten dugu egun osoa daramagula lan horrekin baina ez dugula ezer egin… gure eredua autogestioa da eta elkarri babes handia ematen diogu.
M. MUTUBERRIA: Ibili izan naiz espazioa konpartitzen, eta duela urtebetetik etxean ari naiz, eta nire buruari jartzen dizkiot epeak eta abar, baina faltan nabari dut talde lana. Txakur Gorria kolektiboa ezagutzen dut eta oso interesgarria iruditzen zait taldean lan egitea, eta alor ezberdinetakoak elkartzeak aberastu egiten du lan hori. Horregatik bilatzen dut irakurle taldeetan mugitzea, tailerretan parte hartzea… garrantzitsua baita lana partekatzea.
J. EKIZA: Nik nire bakarkako diskoa kaleratu behar nuen garaian horregatik sortu nahi izan genuen Ipar Orratza elkartea, Iparraldeko euskarazko sorkuntzak kaleratzeko. Ohartu gara ez dela garai onena diskoetxea sortzeko, baina nahi genuke diskoetxe kontzeptutik kolektibo kontzeptura pasatzea. Euskarazko sorkuntza atzeman nahi duenari bidea erraztea da asmoa. Iparraldean sare batean sartu gaitezke talde guztiak, eta aukera legoke profesionalizatu direnak eta intermitente daudenak harremanetan egoteko, ikusteko nola landu gure eskubideak kolektibo, bakarka aritu beharrean.
D. SARRIUGARTE: Idazleen kasuan nor bere aldera dabil, edo bakoitza bere koadrilatan, eta ongi legoke beste harreman sare batzuk eta kolektibitateak sortzea. Ideiak eta ikuspegi batzuk konpartitzen ditugunok elkartzea eta bultza egitea. Horretan inbidia ematen didate bertsolariek eta musikariek. Oso indibidualizatua dago idazleen mundua, jeinuaren irudia bultzatzen du, batere parte-hartzailea ez dena… Bere garaian Itu Banda edo egun Txakur Gorria izan daitezke salbuespena, baina elkartzeko tokiak behar ditugu, bestela logika oso indibidualizatzaileak, bakarkako sormena sustatzen dugu eta berez ez da hala, ez dugu bakarrik sortzen.
M. MUTUBERRIA: Sare sozialetan egon beharrak, zure irudia sortu beharrak, horrek guztiak ere indibidualizazioa bultzatzen du. Irudigileen Elkartea badago eta laguntza handia da, baina ez dago kolektibitaterik.
D. SARRIUGARTE: Idazleen elkartera ere jotzen dugu baina banaka, ez gaude elkarren artean lotuak.
Katalunian musikarien sindikatua sortu dute, lan eskubideak aldarrikatzeko. Nola ikusiko zenuketen kultur langileen eskubideak aldarrikatzeko zerbait, sindikatu bat edo beste zerbait izan daiteekena?
J. EKIZA: Ongi. Euskararen egoera ere berezia da, ez dugu merkatu normal bat salmenta aldetik. Kultur mundua oso zabala da eta beraz nor sartuko litzateke lan eskubideak lantzeko kolektibitate horretan? Baluke interesa talde zabala izatea.
D. SARRIUGARTE: Ados nago, lan esparru konkretuen araberako elkarteak ongi daude, baina beste gauza batzuetarako kulturgileen talde handiagoak ongi etorri daitezke, hainbat oinarri konpartitzen baititugu.
J. EKIZA: Bai, zeren musikarien deretxoak aldarrikatzen ditugunean ez gara musikarienez soilik ari, euskarazko musikarien deretxoez ari gara. Horiek lotuta egon daitezke euskarazko beste kultur jarduerekin.
M. MUTUBERRIA: Ongi legoke Euskal Herri mailako sortzaileen eragileren bat, eta hor ilustratzaileak ikusgarri egotea, ze ilustratzaileen lana ez dago baloratua kulturaren barruan ere.
J. EKIZA: Eta adibidez bideo sortzaileak edo egungo kultur esparru berriak ere hor sartzea, ze gu hiruok lotuta gaude kulturaren adiera zaharrari.
Kulturan egiten diren inbertsioak hirien garapenari lotuta garatzen ari dira. Gaur jaialdi erraldoi bat baina bihar ezer ez…
J. EKIZA: Musikan ekonomia kulturala turismoari loturik dago oso. Helburua izaten da herrietako jatetxeak eta hotelak betetzea, eta hori errazago lortzen da kanpoko talde entzutetsuekin, eta Euskal Herria turistaz betetzen da. Eredu horretan euskarak ez du lekurik, asmoa bada jendea Bartzelonatik eta Madrildik etortzea, horiek ez dute interesik euskal talde bat entzuteko. Bada dimentsio arazoa, eta euskararena. Halako festibaletan bertako talde bat edo bi sartzen dira. Iaz BBK Live makro-kontzertuetan hiru talde euskaldun izan ziren, eta hiruak ordu berean! nabari da euskara ez dela sartzen makro-ebento horien ideian.
D. SARRIUGARTE: Kultura zertarako nahi dugu? hori da galdera. Zuritzeko eta makilatzeko, edo benetan herri kritiko bat nahi dugulako?
M. MUTUBERRIA: Niri enpresekin lan egitea tokatu zait, eta askotan garrantzitsuagoa da produktu batekin lotzen den irudia, produktu horren kalitatea baino. Ez da kalitatezko kultura sustatzen, baizik eta produktua.
[Publikoaren galdera honek itxi du mahai-ingurua] Makro-ebentoetan nola sentitu zarete erdal munduarekin? euskal kultura kupoa ere bagara-eta.
J. EKIZA: Beti da azken indioaren sentipena. Bakoitzak ditu bere kontraesanak, onartu duzulako joatea jakinda horrela izango dela. Bitxia egiten zaizu eta hala ere pozik zaude euskarazko gutxieneko tarte bat badelako horrelako ekitaldian, eta etorriko diren euskaldun horiei zerbait eskaintzeko, eta kanpotik etorritako talde handiek jakin dezaten euskara badela… euskal taldeetan gutxi dira jende asko mugitzen dituztenak, eta 20.000 entzuleko makro-kontzertu batean 3.000 badira euskal taldea pozik entzungo dutenak, taldearentzat ere ez da goxoa bere musika axola ez zaion hainbeste jenderen aurrean jotzea. Gauza bera gertatzen zaigu estilo oso diferenteko talde baten teloilari ari behar dugunean. Bada kalitatezko euskal sorkuntza eta arazoa da nola pasatu hori herritarren belarrietara. Horregatik gustatzen zait laborantzarekin parekatzea, kalitatezko bertako produktu bat egin behar dugu eta bertakoei saldu, eta uste dut erakundeen joera izan behar dela hori sustatzea, ez kanpotarrei saltze horretan, hiriko hotelak kanpotarrez betez. Adibidez, disko bat Durangoko Azoka honetan saltzea ez da salmenta hutsa, harreman bat sortzen da, eta taldea zuzenean ikusteko gogoa pizten da…