Lizentzia libreak, euskal hedabideen etxea eraikitzeko tresna

argia
7

Iskanbila sortu da Twitterren aste honetan, ARGIAk berrerabili egin duelako Aiurri hedabideak argitaratutako elkarrizketa bat, Creative Commons Aitortu – Berdin partekatu lizentzia baliatuz. Sare sozialak ez dira ingurune onena mota honetako gaiei buruz eztabaidatzeko eta horregatik argitaratu nahi du auzi horri buruzko irakurketa hau ARGIAko lantaldeak, sareen logika polarizatzailetik harago, jarrera eraikitzaileak nagusitu daitezen.

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Aiurri-n elkarrizketa argitaratu duen kazetariaren kexa ikusi ondoren, eduki hori gure webgunetik eta sare sozialetatik ezabatu genuela, begi-bistakoa baitzen ez zuela ikusi nahi jatorriz argitaratu den hedabidea ez den beste batean. Horrekin batera, ordea, adierazi nahi dugu ARGIAk zorrotz bete zituela bi hedabideek euren edukiak publikatzeko erabiltzen dituzten lizentzia librearen terminoak.

Sareetan lan taldeko kide batzuk hori azaltzen saiatu direnean, ordea, gaiak beste norabide bat hartu du, zenbaitek etika faltaz edo lapurretaz hitz egin du. Baita sareetatik kanpo ere: Iban Arantzabal Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusiak eta Aiurri kide den Tokikom enpresako zuzendaritzako kideak, bere blogean “CC: Iritzi bat, eta ez legeaz” testua argitaratu du.

Zer lizentzia erabili: hedabide bakoitzaren erabakia

Kezkaz ikusten dugu Creative Commons lizentziek euskarazko hedabideetan izan dezaketen bilakaera eta horrek zer nolako ondorioak izan ditzakeen euskarazko hedabideen esparruaren garapenean. Izan ere, kasu hipotetiko batzuk aipatu ondoren, lizentzia libreen erabileran “torlojua larregi ez estutzea” defendatu du Arantzabalek.

Kontua da, hasteko, eztabaida honetan aipatzen den “legea” hedabide bakoitzak bere buruari jarri diola. Inork ez du inolako komunikabiderik derrigortu CC BY-SA lizentzia erabiltzera eta proiektu komunikatibo bakoitzak baloratu behar du ea lizentzia mota horrek bere jarduteko moduarekin bat egiten duen –kasu batzuetan, CC BY-SA lizentziara aldatzeko arrazoia Jaurlaritzaren dirulaguntza eskaeretan puntu batzuk gehiago lortzea zen, baina gaur egun ez da horrelako puntuaketarik indarrean–. Alegia, medio bakoitzak erabaki behar du bere edukiak besteek ere berrerabili eta zabal ditzaketen, berak besteenak berrerabiltzeko aukeraren truke –beti ere egiletza eta iturria aitortuz–.

Baina torlojua ez estutzeaz hitz egiten denean, badirudi beste zerbait eskatzen dela: mundu osoan erabiltzen den lizentzia bat, edukien zabalpenaren baldintzak argi eta garbi zedarritzen dituena, euskarazko hedabideen kasuan ia erabilera praktikorik gabe utzi arte urardotzea.

Hausnarketaren ondorio

Lizentzia librea aukeratzean, filosofia aldaketa sakona dago atzean, eta hedabideon kasuan eragin zuzenak ditu. Esaterako, hedabideak eta kazetariak egileak dira, baina jabetza komunitatearen esku uzten da, edukiaren zabalpenaren mesedetan. Horrek, adibidez, talka egiten du lehiarekin. Norberak bere webgunean klik gehiago lortzea baino, edukiaren presentzia biderkatzea bilatzen du, lana ahalik eta pertsona gehienengana irits dadin. Areago, lizentzia libreek komunitateari, irakurleei dei egiten diete edukia parteka dezaten. Hizkuntza gutxitu eta zapalduen kasuan, hedabideotan ditugun baliabide urriak elkarrekin uztartu, komunitatea trinkotu, sendotu, aberastu eta ikusgarriago egiteko tresna paregabea dira lizentzia libreak.

Lizentzia bat ala beste aukeratzea ikuspegi eta lan molde aldaketa sakona da. ARGIAn prozesu oso bat garatu genuen lankide guztien artean, baita kolaboratzaileekin ere, lizentzia libreen aldeko hautua hartu aitzin. 2012an aukeratu genuen CC BY-SA lizentzia eta ordutik etengabe landu dugu gaia. Adibidez, egin dugun azken lanketa CC BY-SA ez duten euskal hedabideekin hitz egitea izan da, jakiteko ea haien edukiak partekatzea nahi duten: bakarra izan ezik, komunikabide guztiak gustura agertu dira ARGIAk haien edukiak zabaltzearekin. Euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimeneko bilera batzuetan ere landu izan da espresuki gaia, ARGIAk deituta. Baina, tamalez, agerikoa da hedabide eta kazetarion artean gai honetan oraindik dagoen ezezagutza, eta gaiak korapilatuta jarraitzen duela dirudi.

Azaroan bederatzi urte izango dira ARGIAn gure edukiei Copyright kendu eta lizentzia libreekin zabaltzen ditugula. Urte hauetan, besteren artean, ARGIAren ehunka artikulu zabaldu dituzte Euskal Herriko eta nazioarteko hedabide batzuek –hauetako bakoitza bere URL propioarekin, nola partekatu bestela webgune batean?–. Guretzat zabalkunde bakoitza poz iturri da. Astekariaren lehen orrialdean, lizentzien oharrean diogun bezala, edukiak ahalik eta gehien zabaltzea nahi dugulako.

Euskal hedabideen etxea

ARGIAn sinetsita gaude lizentzia libreek praktikan jartzean ekartzen dizkigutela onurak denoi, euskaraz lan egiten duten hedabideen sektore osoari. Hori defendatzeko arrazoiak Mikel Irizar Tokikomeko presidente ohiak formulatu zituen ongien,  “Euskal hedabideen etxea” kontzeptua plazaratu zuenean: bi solairuko etxe bat, euskal hedabide guztiak biltzen dituena, oinarrian tokikoak dituena, nazionalekin elkarlanean; eta bi solairuen artean igogailuak, etengabe edukiak garraiatzen.

Tokiko hedabide gehienek eta herri ekimeneko medio nazionalek gure edukiak CC BY-SA lizentziarekin zabaltzea erabaki genuenean, etxe amankomun hori altxatzeko urrats garrantzitsua eginda zegoela ulertu zuen ARGIAk: hedabide bakoitzak interesgarri jotzen duen edukia zabaltzeko aukera izango zuen, azkar eta eraginkor. Edukien eragina biderkatuta guztiok irabaziko genuke, eta batez ere irakurleek. Onura kolektiboa da. Praktikan ordea, euskal hedabideen etxeko igogailu hori, lizentzia librea, ez da ia erabiltzen. Copyrightak eta lehiak, zoritxarrez, indarrean jarraitzen dute.

Hori zergatik gertatzen den? Hedabide bakoitzak izango ditu bere erantzunak eta akaso onuragarria litzateke sektorean gehiago hitz egitea. Nolanahi ere, ARGIA egiten duen lantaldeak etxe amankomun horren alde lanean jarraituko du, lizentzia libreetan sakonduz, gero eta eduki gehiago komunitatearen esku uzten. Baita igogailua denentzat erabilgarri dagoela gogorarazten ere: gure edukiak interesgarri aurkituz gero, beste edozein euskal hedabidek berrerabiltzea nahi genuke.

7 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA