ARGIAko lantaldeak urteko azken batzarrean erabaki du atxikimendua eta babesa ematea Pantailak Euskaraz ekimenak euskarazko ikus-entzunezkoen alde kaleratutako manifestuari.
Abenduaren 4an publiko egindako testuak euskararen normalizazioan “pauso sendoak emateko” hainbat neurri proposatzen ditu ikus-entzunezkoen sektorean. Besteak beste: finantzaketa publikoa argitzea eta indartzea; EiTB indartzea eta euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea, tokiko telebistekin batera; zinema eta ikus-entzunezkoen lege propioak; streaming plataformetan euskararen presentzia bermatzea, egun “hutsaren hurrengoa” baita… Manifestuan gogorarazi dute Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak dioena: herritarrok eskubidea dugula ikus-entzunezkoak gure hizkuntzan jasotzeko.
Manifestua 35 eragilek sustatu dute, tartean ARGIA parte den Hekimen euskal hedabideen elkarteak, eta Pantailakeuskaraz.eus webgunean dago osorik irakurgai.