[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nire denboratxoa hartu dut jasotako erantzun guztiak irakurtzeko. Irribarrea atera didazue, lagunok. Zuek, bai, ARGIAren azken kanpainarekin bat egin eta euskara praktikatzeko, irakurtzeko, ikasteko, gozatzeko astekaria etxean jasotzea eskatu duzuen zuek guztiok. Ze polita den zuek denok euskaraz irakurtzea, zuekin harremana euskaraz egitea. Horregatik jarri du ARGIAk kanpaina hau martxan, Euskal Herri osoan Euskaraldia abiatu den honetan, euskarari bultzada eman asmoz.
XXI. mendean euskara oraindik ez da ofiziala Euskal Herriko hiru eremutan: Ipar Euskal Herrian, Nafarroa erdian eta hegoaldean, eta Trebiñun. Horrek ondorio zuzenak ditu herritarrengan. Gaztelania edo frantsesaren aurrean euskaraz aritzeko eguneroko zailtasunei, eremu horietan gehitu egiten zaie aitortza instituzional faltak dakarren guztia.
Euskara ikastea erabakitzen dutenek euskaldunon erabateko bultzada merezi dute. Premiazkoa da euskara ikastea doakoa izatea, baina oraingoz ez da, eta euskara ikasleek, inork baino hobeto dakite horrek zenbat jende urruntzen duen euskara ikasten hasteko pausotik. Oso garrantzitsua iruditzen zaio ARGIAko lantaldeari gai honekin herri-presioa egitea erakundeei, bakoitzak bere lekutik behingoz alda dezaten hori. Honatx, bide horretan ARGIAk jarri nahi izan duen aletxoa, txikitik eragin asmoz.
Eskutitz bidez heldu zaie ehunka ikasleri mezua, buletin berezi bat ere zabaldu da, eta azken bi asteotan publizitatea egin da astekarian eta webgunean. Izan du bere oihartzuna, eta jasotako erantzunak ez dira gutxi izan. Ez hori bakarrik, kanpainak jende berri gehiago erakarri du harpidetza egitera “halako ekimenak bultzatzeko” –orrialde honetan, komunitateko kide berriei egiten zaien ongi etorrian irakur ditzakezu zenbaiten arrazoiak–.
Zergatik egin du hau ARGIAk?
Zabaldutako gutunean azaltzen da: “Euskara impasse egoeran dagoela ikusten dugu kezkaz eta gure partea jarri nahi dugu, aurrera egiten jarrai dezagun herri gisa. Kanpaina zehatz honekin, euskara ofizial ez den eremuetan euskara ikasten ari zareten lagunek ARGIAren bultzada sentitzea nahi dugu, guk egunerokoan ekarpen ekonomikoa egiten diguten Euskal Herriko milaka euskaltzalerena sentitzen dugun bezala.
ARGIAn proiektuan inbertitzen dugu indartzen jarraitzeko, eta nahiz eta merkatuaren legeen aurka joan halako erabakiak hartzen ditugu. Aurretik ere egin izan dugu beste kolektibo batzuekin –langabezian geratutako harpidedunak, presoak, ostalariak…–. Horregatik diogu, elkartasuna ardatz, komunitateak elkar eusten duela hemen, eta oraingoan, ehunka lagunen euskara ikaste prozesua lagundu badezakegu, gu oso pozik sentituko gara”.