[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAko kide bazara eta Bilboko Abando, Bilbo Zaharra, Zazpi kaleak, Atxuri, Castaños, Abandoibarra, Indautxu, Basurto edo Deustu auzoko bizilaguna, igual ohartuta egongo zara urriaz geroztik ARGIA bi gurpilen gainean heltzen dela zure etxera. Gasteizen, Donostian eta Iruñerrian emandako pausoei jarraika heldu da Botxo Riders banaketa kooperatiba. Lan-baldintza justuetan oinarrituta eta banaketa ekologikoaren bitartez iristen gara Bilbon 200 bat etxetara.
Banaketa azkarrago egin, tokiko ekonomia sustatu eta langileen lan-baldintza duinak bermatzeaz gain, “zerbitzuen %100 CO2 bidezko kutsadura eta zaratarik gabekoa dela” bermatzen dute Botxo Riders-eko lagunek. Gasteizen Eraman kooperatibako lagunekin hasitako bide emankorrean (irakurri ARGIAren 2.690 zenbakia) beste pausu garrantzitsu bat da Bilbokoa. Lan horri esker Iruñean eta Donostian ere bizikletaz heltzen da ARGIA etxe askotara.
Ondo asko ezagutzen dituzte Glovo edo Deliveroo bezalako banaketa-enpresa multinazionaletan langileek jasaten dituzten egoera prekarioak. Han beharrean jardun ondotik sortutako ideia baita duintasunez banaketa-lanetan aritzeko kooperatibarena. CoopCycle Euskal Herriaren laguntza izan dute. Kooperatiben federazio hau, banaketak kudeatzeko plataforma digital bat eskaintzeaz gain –software libre eta irekian egina eta munduko hainbat lekutan erabiltzen dena–, maila lokalean sortzen ari diren eta balio politiko eta sozial bertsuak dituzten kooperatiben topagunea da. CoopCycle EH federazioaren helburua da kooperatibetako kideen arteko ezagutzak, gaitasunak eta lan egiteko moduak partekatzea, elkar laguntzeko eta antzeko kooperatiba gehiago sortzeko asmoz. Botxo Riders da federazioaren lehen proiektu koordinatuaren emaitza; izan ere, Euskal Herriko beste kooperatiba batzuetako kideek lagundu dute Bilboko kooperatiba berria martxan jartzen.
Hurrengo albisteak Iruñetik eta Baionatik helduko zaizkigulakoan gaude, beste proiektu batzuk bidean baitira, bakoitza bere ezaugarri propioekin, tokian tokiko testuingurura egokituta.
1 Iruzkin
Ederra, asmoa; ederra, emaitza. Harpideduna naiz eta pozarren nago. “Arazo” bakarra da atezain automatikotik erdaraz hitz egiten didatela ARGIA ekartzen didatenek. Ulertzen dut ulertu gehienak atzerritarrak izango direla; baina haiel ere ulertu beharko lukete euskaldunoi zerbitzua euskaraz eman behar digutela. Nahikoa lukete esaldi sinpleren bat ikastearekin: ARGIA aldizkaria. Irekiko didazu mesedez?