[Itsaso Zubiria Etxeberria] Pelikula bat izan zitekeen. Lehen eszenan mutiko bat agertzen da gurasoen gelako kaxoi bat irekitzen, eta zerbaiten bila dabilela topatuko du, erdi ezkutatuta, aldizkari zahar bat. Argazkian izeba ezagutuko du, baina ez daki zehazki zer den ikusten ari dena. Pixkanaka, galdezka hasita, joango da jabetzen etxean badutela isildutako historia bat. Jon Arangoa, Anparo Arangoa Satrustegiren ilobaren kontakizunak eraman nau halako sentsazio batera, kontatzen ari zitzaidana pelikula baten fotogramatan ikusiko banu bezala. 50 urte igarota, Nafarroako Gobernuak senideei errekonozimendua eta erreparazioa eman die, eta familiak, jasotako diruaren zati bat ARGIAri ematea erabaki du.
Zeruko Argia-k 1976an argitaratutako Anparo torturatuaren argazki mitiko haiek Javier Yabenek atera zituen Patxi Zabaletaren laguntzarekin. Hala erakutsi ahal izan zitzaion mundu osoari Euskal Herrian torturatzen zela. Eta hala lortu ahal izan dute, edo argazki horiek lagungarri izan zaizkie Arangoaren senideei, motibazio politikoko indarkeriaren biktima gisa aitortzea. “Osaba-izebek, gure gurasoek, jada ez dute indarrik eta guri, bigarren belaunaldiari, egokitu zaigu erreparazioaren garaia”, esan digu Jon Arangoak. “Honek ez du familiartekoen mina baretzen, jarraitzen du inpunitateak; baina gizarte mailan behar zen eta zirkulu txiki bat itxi da Nafarroako Gobernuaren keinu honekin”, adierazi du. “Gure etxean isiltasun handia egon da gai honen inguruan eta pixkanaka joaten zara jabetzen testuinguruaz, Euskal Herriko beste mila familiatan badela antzeko zerbait…, baina gure kasuan Yabenek ateratako argazki horiengatik izan ez balitz, ziurrenik ezin izango genuen, beste askok bezala, torturarik basatiena ere frogatu”, azaldu du. “Txominek [Txomin Olaetxea bikotekidea] garbi zuen sekula erreparaziorik iristen bazen, ARGIAren eraginagatik ere izango zela eta familian ez da zalantzarik izan jasotako diruaren zati bat ARGIAri ematerako garaian”, esan du.
Behar ziren argazkiak (2.369 zbk. 2013-05-15) erreportajean duzue gaia xeheago azalduta. Milesker, Arangoa sendiari, zuen aitortzagatik. Ez zen beharrezkoa, beharrezkoak argazkiak ziren. Beharrezkoa kazetaritza konprometitua da.
