[Itsaso Zubiria Etxeberria] Irakurketa Errazeko liburuen berri izan dut azken aldian dezente. Baina ezagutu berri dudan euskeraz.eus atariak Irakurketa Errazeko artikuluak jarri dizkit begien aurrean eta, flipatu dut. Matteo Cantù Parati da egilea. Elgoibarren (Gipuzkoa) bizi den italiarra. Bere beharretik abiatutako lana, nahi duenaren eskura jarri diguna.
Argia.eus-eko artikuluak aukeratu ditu, euskara maila desberdinetara egokituta zintzilikatzeko. “2013an hasi nintzen euskara ikasten AEKn, eta 2017an utzi egin behar izan nuen tamalez, B1 mailara iritsita nengoela. Gustuko dut hizkuntza ikasteko artikuluak irakurtzea eta modu honetan jarraitu dut nire ikas-prozesua. Artikulu interesgarriak topatzen nituen ARGIAn, baina behar nuen irakurketa errazago bat; horrela hasi nintzen testuen egokitzapenak egiten”, azaldu digu Matteok.
Ingurumeneko, nazioarteko, gizarteko eta kulturako gaiak atsegin ditu Cantùk eta horiexek dira, hain zuzen, webgunerako aukeratzen dituenak. Latxa itzultzailearen bidez egiten du lan hau eta artikuluko hitz guztiak dira klikagarriak, momentuko itzulpena jasoz gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez. Baina bakarrik hasierako mailetara egokitutako testuak sortzetik urrun, ia euskarazko Duolingo bat ondu du italiarrak. Hitzekin eta aditzekin jolas egiteko aukera eskaintzen du webguneak, eta irakurketak ere jolasaren parte dira: klikatzen duzun hitza zure hiztegian gorde dezakezu, eta hala eginez gero, beste jolasetan hitz horiek ariketetan txertatzeko programatuta dago. Zenbat eta akats gehiago egin hitz berarekin, orduan eta ariketa gehiago hitz horrekin. Puntuazio-sistema bat ere badu, ranking eta guzti.
“Urte batzuk hizkuntza bat ikasten pasatakoan, batzuetan geraldi bat etor daiteke, ilusioa galtzea… eta jolas hauek, uste dut, lagundu dezaketela bizigarri pixka bat ematen ikas-prozesuari”, azaldu digu. “Nire beharretatik sortutako zerbait da, baina euskara ikasten ari den edonorentzat baliagarria izan daitekeelakoan nago; beraz, zergatik niretzat gorde?”, esan digu.
Nik AEKko lagunei pasa diet erreferentzia. Erreminta bat gehiago, euskara ikasi nahi duenarentzat eta aitzakia bat gutxiago, euskara oso zaila dela dioenarentzat.