2022. urtean 22 urteko emakume bat hil da espazio publikoan zapia “gaizki” jarrita eraman eta ilea agerian uzteagatik. Atxiloketek, are gutxiago hilketek, ez dute inongo loturarik kulturarekin edo tradizioarekin, hijaba batzuek hala ulertzen badute ere. Teheranen gertatutakoa boterearekin, agintearekin eta errepresioarekin lotuta dago. Eta horregatik ere Mendebaldeko hedabide eta politikariek hauspotu dute kasu hau, eta ez herrialde “lagunetan” gertatutako beste batzuk, hau bezain larriak direnak. Edonola ere, Bilboko Maryam Fathi errefuxiatu kurduak dioen gisan, “Iran estatu islamiko erradikala eta misoginoa da. Han emakumea ez da gizakia. Kartzela handia da emakumeontzat, are gehiago kurdua bazara”. Irango Poliziak Mahsa Amini gazte kurdua hil ostean, protestak barreiatu dira munduko txoko askotara, emakumeek beloa erretzea eta beren ilea moztea ikur hartuta. Irudian: Protesta Istanbulen, Irango enbaxadaren parean.
Argazkia: Yasin Akgül – AFP
Testua: Axier Lopez