AEBetako zortzi egunkarik salaketa bat batera aurkeztu dute Adimen Artifiziala garatzen ari diren bi enpresa nagusien aurka. Biak estatubatuarrak dira eta oso ezagunak: OpenAI eta Microsoft. Komunikabideek argudiatu dutenez, multinazional teknologiko horiek “milioika artikulu eta albiste lapurtu dituzte eta lapurtzen jarraitzen dute”, egile-eskubideek babestuta egonik ere, baimenik eskatu gabe eta ordaindu gabe. Esan gabe doa, datu lapurreta hori guztia ChatGPT eta Pilot gisako Adimen Artifizial sortzailearekin lotutako tresnak entrenatzeko bideratzen ari direla.
Salaketa jarri duten zortzi egunkariak enpresa berekoak dira: Alden Global Capital, AEBetako egunkarien bigarren argitaratzailerik handiena. Haren jabetzakoak dira The New York Daily News eta The Chicago Tribune, beste askoren artean. Gisa horretako salaketak izan dira aurretik, adibidez esanguratsuenetakoa izan zen The New York Times egunkariak iazko urtearen amaieran jarritakoa, “lapurreta eredu” bera argudiatuta. Areago, urtearen hasieran, AEBetako hainbat hedabidek, hala nola The New York Times berak eta CNNk, zenbait programazio kode gehitu zuten beren webguneetan, OpenAIren GPTBot-en web-arakatzailea blokeatzeko eta, horrela, haien edukiak automatikoki harrapatzea saihesteko.
“Microsoftek eta OpenAIk kazetarien, editoreen eta oro har egunkarien, bereziki tokikoen, lanaren emaitza besterik ez dute hartzen, hori guztia langile horienganako inolako begirunerik izan gabe, eta are gehiago, lege-eskubide ororen gainetik”, diote salatzaileek.
Hedabideez gain, Adimen Artifizialak sortzaile guztiei eragiten die. Algoritmoen atzean abusu bera baitago: multinazional horiek adimen artifiziala elikatzeko askotariko materiala lapurtzen dute Interneten. Harrapatzen duten oro datu bihurtzen dute, ondoren prozesatu eta salgai bilakatzeko, zerbait berria balitz legez. Nazioarteko araudia ez dago prestatuta prozesu horretarako, eta multinazional horiek oso jakitun dira horretaz. Zenbait enpresa handirekin kontratuak sinatuta badituzte ere –adibidez OpenAIk Espainiako Estatuan Prisa taldeko hedabideekin hitzarmena dauka haien edukiak erabiltzeko–, egun sorkuntza artifizialak nagusiki lapurreta du oinarri. Elisabeth Pérez ilustratzaileak ARGIAren 2.867 zenbakian adierazi zuenez, irudirako Midjourney edo testuetarako ChatGPT lapurretatik elikatzen dira. “Adimen Artifizial sortzailea etorkizuneko tresna dela esaten da, baina bere funtsa da iraganeko sormen lanak lapurtzea. Ez da ez erreminta ezta etorkizunekoa ere”. Kopiaren kopiaren kulturak bizi gaitu, eta horrek gero eta emaitza eskasagoak emango ditu.